Erbitiren Olinpiadak

Guaixe 2016ko abu. 23a, 14:23

Hiriberrikoak talde lan bikaina egin zuen baina ezin izan zuen proba despeditu

Rioko Olinpiadetako txirrindularitzako linea proban lehiatu zen Hiriberriko Imanol Erbiti. Movistar Team taldeko txirrindulariak Ion Izagirre, Jonathan Castroviejo, Alejandro Valverde eta Joaquim Rodriguezekin osatu zuen Espainia ordezkatu zuen taldea. Beroa izan zuten arerio nagusi txirrindulariek. Berehala hasi ziren mugimenduak tropelean eta, besteak beste, Espainiak ihesaldiak kontrolatzeko lan handia egin behar izan zuen, Imanol Erbitik esaterako. Hiriberrikoa bikain aritu zen.
Lasterketa ikusgarria izan zen, etengabeko erasoekin. Bukaera aldera Poloniako Majka geratu zen bakarrik aurrean, Nibalik eta Henaok erorikoa izan eta gero. Baina atzetik etortzen zen taldetxoak 1.400 metroren faltan harrapatu zuen Majka eta azkenean Greg Van Avermaet belgiarra gailendu zen esprint estuan. Joaquim “Purito” Rodriguez bosgarrena sailkatu zen, 22 segundora.
Irteera hartu zuten 144 txirrindularietatik soilik 63 txirrindularik osatu zuten proba. Imanol Erbitik proba utzi behar izan zuen, Espainiako buruendako talde lan bikaina egin eta gero.