Erbiti Mundialetan

Guaixe 2016ko urr. 4a, 12:10

Asteazkenean erlojupekoan lehiatuko da eta urriaren 16an lineako proban

Espainiako selekzionatzaile Javier Mingezek egin du Dohako Txirrindularitza Mundialetan partea hartuko duten txirrindularien hautaketa. Tartean dago Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia. Berarekin batera Jonathan Castroviejo, Juan José Lobato eta Fran Ventoso (Movistar), Carlos Barbero eta Diego Rubio (Rural Kutxa-Seguros RGA), Omar Fraile (Dimension Data) eta Luis Angel Mate (Cofidis) ariko dira. Valverde eta Purito ez dira taldean egongo, egutegi potoloa izan dutelako eta atsedenaren faltan daudelako.

Dohako Mundialarekin Erbitik bere bosgarren mundialean hartuko du parte. Aurten, gainera, lineako probaz gain, erlojupekoan aritzeko hautatu dute. Pozik dago hautatu dutelako. “Polita da. Emozio berezi bat sentitzea baino, nirekiko duten konfiantza bueltatu nahi diet, lana ahalik eta hobekien eginez” azaldu du. Aurten bi probatan ariko da Hiriberrikoa. Erlojupekoan, asteazkenean, eta lineako proban, urriaren 16an. Faboritoak laguntzeko ezinbestekoa izango da bere lana.

Maialen Aramendia ere bai
Dohako Mundialetan ere arituko da Maialen Aramendia iturmendiarra, emakumezkoen junior mailako lineako lasterketan. Urriaren 14an lehiatuko da, hurrengo ostiralean, goizeko 9:30ean abiatuko den lasterketan. Miriam Gardachal, Sandra Alonso eta Sara Martin izango ditu taldekide.