Ihabarko aktore taldea omendua

Guaixe 2016ko uzt. 28a, 13:57

Arakilgo egunean udalak ibarreko pertsona edo talderen baten jarduna aitortzeko ohitura du. Joan den urtean ibarreko abesbatza omendua izan bazen, aurten ere kultur arloan ari den talde bat omendu dute Arakilgo egunean: Ihabarko antzerki tailerra. Alicia Izko zinegotziaren eskutik Migel Anjel Irurtzunek jaso zuen plaka (Arakilgo ibarrari egiten dion kultur ekarpenagatik, esker onez). Gregorio Santesteban alkateak, bestalde, kide bakoitzari ibarreko ttattar bana eman zien. Izkok jakinarazi zigunez arakildar baten proposamena jaso ondoren erabaki zuen udalak ihabardarrei omenaldia egitea.

“Sorpresa lehenengoz. Baina oso gustura hartu dugu omenaldia”. Hala azaldu digu tailerreko kide den Imma Jakak aitortzaren berri jaso zutenean izan zuten sentipena. “Sorpresa handia. Oso pozik gaude. Gure lana eta kultura ere baloratzea” horiexek nabarmendu zituen zuzendariak, Jon Barbarinek. Aktoreak zehaztapena egin nahi izan zion: “kultura, kultura. Ez dakit hori den, baina oso ongi pasatzen dugu, hori bai. Ziurtatuta”.

Atzera begira
Bederatzi urte dira Ihabarren antzerki tailerra martxan dela. Barbarinek gogora ekarri du Lizarratik Ihabarrera 2003an joan zela bizitzera. Ihabardarrek “berria, berria” kontzeju-presidente jarri zuten. Garai hartan Kultura Departamentuak herri txikiei Herriz Herri programaren bitartez kultur emankizunak eskaintzen zizkien. Barbarini eskaera egitea pasatu zitzaion eta horrek herria emanaldirik gabe uztea zekarren. Bere burua “zerbait zuzentzeko” eskaini zuen, “eta ia zein apuntatzen den. Azkenean 20k eman zuten izena eta horrela hasi zen dena”. Urtetik urtera segida izan du eta aurten, dagoeneko, bederatzigarren antzezlana prestatzen ari dira. Ihabar kabaret, On Kixote, Lisistrata, Uda gau bateko ametsa, Asanblea de Mujeres, Fuera de quicio, Peter Pan eta Una aventura en la basura antzezlanak eman dituzte.

Jakak azaldu digunez, berak hasieran ez zuen nahi; “baina pixkanaka-pixkanaka gustura sentitu nintzen eta oso ondo pasatzen dut. Nerbioak ere pasatzen ditugu, baina oso ondo”. Gainontzeko aktoreak Jakaren moduan sartu ziren. “Jon ero bat da, animatu gintuen eta hor gaude. Oso ongi pasatzen dugu eta ia-ia egunero afaltzen dugu…” Barbarinek “antzerki-gastronomiko-soziala” definizioa eman du. Urtero aktore kopurua aldatzen dela azaldu digute biek. Aurten 16 daude. 20 egon dira, 15, 14. “Ihabarko populazioaren %10”. Ikusle izan ziren batzuk aktore izatera ere pasa dira, hala ere, “gehienak hasieratik mantentzen dira”.

Joan den astean hasi dira aurtengo emanaldia prestatzen, agorrilaren 20an eta 21ean emanen dutena. Hilabete batean prestatuko dute. Hasieran, astean bitan. Datak hurbildu ahala gehiagotan izanen da. Nahikoa, Barbarinek dioenez, “gero eta profesionalagoak” baitira.  Heldu den urtekoa “ospakizun ikaragarria” izanen dela aurreratu du Jakak.