Beleixe irratia

Beleixe irratia (FM 107,3) 1999. urtean sortu zen eta gaur egun 24 orduko programazioa eskaintzen du ( musika, elkarrizketak eta ostiraleko albistegia). www.guaixe.eus-en bidez zuzenean entzun daiteke. Egoitza nagusia Etxarri Aranatzen dauka: Nagusia 10.

Sakanan euskal komunikabideak eta euskal kultura bulkatzeko asmoz sortu zen Bierrik. Urte hartako abenduan zabaldu zen Sakanako etxe askotara elkartearen lehen fruitua: Guaixe, Sakanako hilabetekaria. Baina elkartearen asmoa ez zen horretara mugatu.

Hilabetekariaren egitasmoa finkatu bezain laster, 1996an irratia martxan jartzeko batzordea lanean hasi zen. Irratiak aldizkariak bete ezin zuen hutsune informatiboa estali nahi zuen. Aldi berean, irratigintza arloan ibarrean zegoen euskararen presentzia eskasa handitu nahi zen ere. Hiru urteko ahaleginen ondoren, 1999ko maiatzaren 3an uhinetan zabaldu zen Beleixe Irratia, Sakanako irrati euskalduna. Elkarteak Etxarri-Aranazko Udalaren lizentzia erabili zuen martxan jartzeko. Bi esatari ziren guztiaz arduratu zirenak. Bi orduko emanaldia izan zen hasiera hartan, eguerditik ordu biak arte.

Hasierako programazioko edukiak ondokoak ziren: entzuleei agurra (eguraldi iragarpena eta halakoak), merkatu txikia, magazina (elkarrizketa pare bat arlo ezberdinetako kolaboratzaileekin), Nafarroako irratien arteko kroniken elkar trukaketa, Sakanako albistegia, agenda, zorion agurrak eta lehiaketa. Gure emisioaren ondoren, Iruñeko Euskalerria Irratiarena errepikatzen dugu.

Bi hilabete lanean generamatzala, Arrosan bildu ginen, Euskal Herriko hainbat irratirekin. Esperientziak elkar trukatu eta elkarren berri izan ondoren, batera lan egiteko aukerak aztertzekotan gelditu ginen. Bidea ibili dugu hemen ere. Arrosa proiektua egituratzen lagundu dugu. Emisio nazionalak egin ditugu hainbat irratik. Baina irratien artean saioak elkartrukatzen ari diren honetan, guk aukera horretaz baliatzeko ez dugu ahalmenik oraindik.

Beleixe Irratia sortu eta hiru hilabetetara, 99ko abuztuan, beste bi irratirekin bilerak egiten hasi zen. Bata, Aralar Irratia Lekunberriko udal irratia eta Araitz, Betelu, eta Larraun aldean entzuten dena. Bestea, Ametza kultur elkarteak sustatu duen Esan Erran Irratia, Basaburua, Ultzama, Imotz, Odieta eta inguruetan entzuten dena. Hiru irratiak geografikoki hurbil egoteaz gain, antzeko programazioa eta filosofia dugu.

Bilera hartatik hiru irratiek programazio bateratua ontzea proposatu zen. Ahaleginen bateratzeak hiru irratien emanaldia zabaltzea ekar zezakeela ikusi genuen. Hain toki txikian hiru irratiak egoteak, kolaboratzaileak erretzea ekar zezakeela pentsatu genuen. Horrekin batera, jendearen berezko harremanak gehiago sakontzeko aukera emanen zuela pentsatu genuen. Irrati bakoitzak bere elkarte edo udalaren baimena jaso eta gero, proposamena ontzen segi genuen.

Guztia lotzeak urte luze bat eman zuen. 2000ko urriarekin batera aireratu zen Sarea. Horrekin Beleixe Irratiaren emisioa ordu bat gehiago luzatu zen. Goizeko hamarretatik ordu bietarainoko emisioarekin dihardugu harez geroztik. Edukiak hasierako berberak dira, baina denbora gehiago eskaintzen diegu, informazio gehiago dugulako eskaintzeko. Aldaketa bakarra 10:30etik 11etara hiru irratietako esatariek egiten dugun eskualdeetako albisteen berri ematea eta tertuliatxoa da. Ondoren magazina hiru irratien artean egiten dugu. Irrati bakoitzak ordu erdiko saioa egiten du. Edukiak banatuak ditugu, gaiak errepikatu ez daitezen. Sarea 12:30etan despeditzen da eta ondoren irrati bakoitzak egoki jotzen duen saioa egiten du. Ahaleginak 2001eko Argia aldizkariaren merezimenduzko saria balio izan zigun. 2008. urtetik hona finantziazio arazo larriak izan ditu irratiak eta Nafarroako Gobernuko diru laguntza desagertu da. Gaur egun 24 orduz online entzun daiteke www.guaixe.eus webgunearen bidez baina zuzeneko saio bakarra eskaintzen du: ostiraleroko albistegia goizeko 09:30ean. 14:00etan eta 19:00etan errepikapena emititzen da.

Laguntzaileak