Trenbide ondoan trabesak birrintzeko errota jarriko da

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 10:39

Udalak txikitutako porlan zatiak bideak konpontzeko erabiltzea aztertuko du.

Tren azpiegituren ardura du Adif enpresak. Aldian behin trenbideetako porlanezko monoblok trabesak ordezkatu egiten ditu Adifek eta trenbide bazterrean haiek pilatuta ikus daitezke han-hemenka. Adifek haiek birrindu eta hura osatzen duten bi elementu lortzen du: porlan eta harez osatutako materiala, txiki-txiki eginda eta burdina. Bereizketa hori egiteko errota birrintzaileak erabiltzen ditu Adifek.

Irañetako Udalak halako errota bat jartzeko baimena eman dio Adifi. Trenbidearen eta merenderoaren artean udalak dituen bi partzeletan jarriko du Adifek errota hori. Juan Anjel Beraza Gastesi alkateak jakinarazi digunez, aspaldi erabili gabeko lur-sailak dira biak. Noizbait hango belarra baliatu izan dute abeltzainek. Orain Adifi aldi baterako utziko diote.

Enpresatik jakinarazi dietenez, lortzen duen porlan eta hareazko materiala oso egokia izan daiteke dermioko bideak konpontzeko. Udaleko kideek hori hala den aztertuko dute eta, hala bada, bideen konponketarako erabiliko dute. Baimenaren truke jasoko luke materiala udalak. Berazak azaldu digunez, “%50eko diru-laguntzak izan arren udalak ez du bideak konpontzeko inbertsioari aurre egiteko modurik”. Dermioko bideek “errepasoa” behar duela aitortu digu.