"Euskara bizi garen herriaren parte den heinean garrantzitsua da ikastea, herriaren parte izateko"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2015ko mar. 27a, 08:09

Habibulay Ndiay (1981, Senegal)  2009. urtean iritsi zen Irurtzunera Senegaldik. Ordutik beti izan du euskararekiko interesa, oro har euskal kulturarekiko. Argi du bere semea D eredura bidaliko duela. Korrikan lehenengoz hartuko du parte aurten.

1. Noiz iritsi zinen Irurtzunera?
2009. urtean etorri nintzen. Senegaldarra naiz baina han lanik ez nuen, eta kontratu bat eskaini zidaten hemen, familiaren parte bat dagoeneko hemen zelako.

2 .Euskararen herria zela bazenekien?
Bai banekien Euskal Herrian euskaraz hitz egiten zela. Senegalen bezala kultura aniztasuna da nagusi hemen ere, eta hizkuntza parte garrantzitsua da kultura horren baitan.

3.Euskara ikasten ere hasi zinen?
Bai. Hitz batzuk baino ez ditut ezagutzen, baina interesa hasieratik izan dut hizkuntza ezagutzeko. Irurtzunera etorrita berehala konturatu nintzen gaztelaniaz gainera hemen jendeak bazuela beste hizkuntza bat. Kartelak elebidunez ikusten ditut eta esanahiaz galdetzen dut aukera dudanean. Euskara eskola batzuk ere hartu ditut.

4. Familiako kideak ere senegaldarrak dira. Eurek ere badute zuk duzun interesa?
Bai, iritsi ginenetik saiatu gara hemen dagoen kulturaren berri izaten. Izan ere, guk Senegalen ere aniztasun handia dugu bai hizkuntzetan zein kulturako beste alorretan ere.

5. Atzerritik etorritako jende asko bizi da Irurtzunen. Uste duzu eurek ere zuk erakutsi duzun interesa dutela?
Batzuek gehiago eta besteek gutxiago, baina finean egunerokoan presente dagoen errealitate bat da. Nork gehiago nork gutxiago antzematen da gaztelaniarekin batera beste hizkuntza bat erabiltzen duela jendeak. Jakin mina norberarena da eta norberak erabakitzen du zein heinean inplikatu nahi duen bizi den herria ezagutzeko.

6. Zein hizkuntza hitz egiteko gai zara?
Nik, adibidez, ama hizkuntza eta aita hizkuntza desberdinak ditut. Amak Serer-ez hitz egiten du eta aitak Wolof-ez. Eskolan frantsesa, ingelesa, arabiera eta gaztelania ikasteko aukera daukagu. Geroz eta aukera gehiago izan, orduan eta aberatsagoa izanen da gure jakintza.

7. Korrika ikusi duzu inoiz?
Entzuna nuen euskararen aldeko ekimena zela, baina ez dut inoiz ikusi. Aurten parte hartzeko asmoa dut. Lagunekin geratua naiz korrika egiteko. Irurtzundik bi egunetan pasatzen da. Guk hitzordua 27an egin dugu. Herrian hasi eta iristen garen arte eginen dugu euskararen aldeko korrika. Familiakoak ere animatu ditut. Emaztea eta izeba aterako direlakoan naiz. Eta urtebeteko semea dut, agian berak ere ikusiko du Korrika pasatzen.

8. Zer iruditzen zaizu Korrika ekimena antolatzea?
Euskarak bereziki Nafarroan jasaten duen jazarpenaren berri badut. Iruditzen zait Gobernuaren aldetik errespetu falta bat. Hizkuntza bat galtzen ezin da utzi, eta euskara babestu ezean arriskuan egon daiteke. Herri baten aniztasuna babestu beharra dago. Horregatik, Korrika eta beste ekimenak garrantzitsuak direla uste dut, euskararen geroa ziurtatzen saiatzeko.

9. Khadim Ridial da zuen semea. Euskara ikastera eramanen duzue?
Bai, zalantzarik gabe D ereduan emanen dugu izena. Hemen jaioa da Khadim Ridial eta bertako ohiturak, kultura eta hizkuntzak ikasteko aukera eman nahi diogu. D ereduan izena ematen ez badugu, zailagoa izanen du euskara ikastea. Hobe da haurra den unetik hizkuntzarekin hartu emana izatea, erraztasun handiagoz barneratuko baitu. Eredu horrek aukera asko emanen dizkiola uste dugu.

10. Hitz batzuk erabiltzeko gai zara, asmoa duzu sakontzeko?
Semea ikastetxean hasten delarik harekin hitz solte horiek praktikatzeko aukera izanen dudala uste dut eta berak ikasi ahala ni ere hitz berriak txertatzeko gai izanen naizela espero dut. Etorkizunean denbora gehiago badut, euskara ikasteko aukera izan nahiko nuke.

11. Erabilgarria da beraz euskara?
Hizkuntza guztiak dira erabilgarriak. Elkarrekin komunikatzeko eta norberaren jakintza zabaltzeko. Geroz eta hizkuntza gehiago jakin, geroz eta kultura gehiagoren parte izateko aukera gehiago lortzen da.