guaixe.eus

Abdelaziz Missaoui: “Gure kultura Irurtzungo herritarrengana hurbildu nahi dugu”

  Gizartea  Irurtzun

 Irurtzungo Arabiar komunitateko presidentea.

1. Zergatik ospatu duzue Arabiar kulturaren Eguna Irurtzunen?
Gure kultura Irurtzungo herritarrengana hurbildu nahi dugu eta modu egokia iruditu zaigu egun hau ospatuz. Gure ohiturak, edota bizimodua erakusteko egun aproposa iruditu zaigu, izan ere, jende askok oraindik ez gaitu ezagutzen eta horrelako ekimenek asko laguntzen dute. Irurtzundarrak guregana gerturatzeko aukera paregabea da eta gure kultura hobe ezagutzeko baita ere aldi berean.

2. Zer antolatu zenuten egun horretarako?
Denetarik prestatu genuen Arabiar Kulturaren Eguna ospatzeko. Gure kulturaren ohiturak, janariak, azken finean, gure tradizioaren erakusle diren hainbat gauza Irurtzungo plazan jarri genituen. Tea, pastelak, alfonbrak, denetik ikus zitekeen igande eguerdian Irurtzunen.

3. Nortzuk parte hartu duzue egun honen antolaketan?
Aurreko igandean jende asko gerturatu ginen plazara gure kultura erakusteko asmoarekin. Irurtzungo Arabiar komunitatean bost kide gaude, eta  horiexek izan gara antolatze lanetan ibili garenak baita ere. Hala ere, lehenago esan dudan moduan, Arabiar komunitateko jende ugari gerturatu zen eguna ospatzera.

4. Noiztik zara Irurtzungo Arabiar komunitateko presidentea?
2016 urteko ilbeltzean sartu nintzen presidente moduan. Urte bat eta hilabete gutxi batzuk daramatzat karguan, eta oso gustura nago, egia esan.

5. Noiz iritsi zinen Irurtzunera?
2001 urtean iritsi nintzen Irurtzunera. Hona iritsi nintzenean nire osaba hemen bizi zen, eta hori dela eta Sakanara etortzea erabaki nuen. Irurtzunen bizi zenez, iritsi eta lehen bi urteetan hemen bizi nintzen 2003 urtea arte. Geroxeago, Iruñera joan nintzen bizitzera 2003tik 2009ra. Nire emaztea eta familiarekin berriz ere elkartzea lortu nuenean, Irurtzunera itzultzea erabaki genuen. Beraz, 2009tik nire emazte eta seme-alabekin Irurtzunen bizi naiz.    

6. Zer nolako harrera egin dizuete Sakanan?
Ba oso ongi, asko gustatzen zait eskualdea. Oso gustura bizi gara hemen, ohituak gaude, eta aldatzea horrelakotan kostatu egiten da. Urte asko daramatzagu dagoeneko Sakana aldean.

7. Zein herrialdek osatzen duzue Sakanan Arabiar komunitatea?
Gehiengoa Marokoarrak gara Irurtzunen. Sakanako beste herri batzuetan ere Arabiar gehiago daude, Etxarrenen adibidez pertsona bat dago, Uharte Arakilen ere familia asko daude, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen. Beste herrietako jendearekin normalean Irurtzunen elkartzen gara.

8. Nolakoa izan da zuendako integrazioa?
Guretako oso normala izan da prozesu guztia. Guk mundu guztia errespetatzen dugu, norberak bere kultura dauka eta hori onartu beharra dago, oso garrantzitsua da aipatutakoa.

9. Arabiar Kulturaren Eguna ospatzerenak laguntzen ahal du integrazioan?
Jakina, hasiera batean jendeari hurbiltzea pixka bat kostatu zitzaion, baina ondoren oso pozik geratu ginen jendearen parte hartzearekin. Hasieran esan dugun bezala, horrelako jaiek gure kultura ikusarazten dute eta integrazioan pausoak emateko ezinbestekoa da.

10. Beste ekitaldirik prestatu duzue?
Bai ekitaldi gehiago antolatzeko asmoarekin gabiltza. Gure mezkita erakusteko aukera eman nahi diogu jendeari, bertan zer egiten dugun ikus dezaten. Buruan hainbat ideia ditugu eta horiek denak aurrera eramatea gustatuko litzaiguke.

11. Zenbat pertsonek osatzen duzue Arabiar komunitatea Irurtzunen?
Hamar familia inguru bizkiko gara gora gutxi gorabehera, osotara hogeita hamar ala berrogei pertsona inguru. Herri batek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ditugu eskura, medikua, udaletxea, hezkuntza eta Irurtzunek eskaintzen ez dituen gainontzeko gauzak Iruñean dauzkagu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak