JARAIN! Indarkeria matxistarik gabeko Sakana

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko Udalaren Berdintasun Arloa 2019ko ira. 20a, 08:11

Festa giroa despeditzen ari garen honetan, Eraso sexistarik gabeko festen kanpainaren lemari erreparatu nahi diogu beste behin ere.” JARAIN (Burundako euskalkian ASKATU) eraso sexistarik gabe Sakana libre” izan da aurten, eskualdeko herrietako festa guztietan entzun, ikusi eta gure egin  dugun lema, irudi eta aldarrikapena. Udako kanpaina honek, alde batetik, festa egun eta eremuetan emakumeenganako eraso zein jazarpenen aurka herritarrak sentsibilizatzea izan du helburu. Eta bestetik, errealitate honen aurrean, instituzio zein jendartearen konpromiso irmoa adieraztea. 
Festak bukatu dira, baina aldarrikapena ez. Urte guztian zehar gure bizitzako edozein esparrutan,  gure ardura eta konpromisoa ikustarazi behar dugu.

Horregatik, zuregana zuzentzen gatzaizkizu. Zu, Sakanako gizon, emakume, gazte, heldu, elkarteko kide, kirolari, udal ordezkari, eragile, langile, ikasle, irakasle… zure ardura ere bada indarkeria matxistari aurre egitea. Nafarroako legeak arautzen duen bezala, prebentzioan eta sentsibilizazioan zeregin handia dauka Sakanako jendarteak.

Eguneroko jokabide matxisten aurrean ez zaitez alde batera geratu eta aurre egin!

Prebentzio eta sentsibilizazioaren aldeko urratsetako bat Sakanako 15 Udalek elkarlanean sortu duten euskarri informatikoa dugu: Jarain.app. Bertan, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako edukiak, baliabideak, agenda eta informazio erabilgarria dago eskuragarri. 

Ondorengo egunetan jarain.app aplikazioa deskargatzeko aukera izango duzu. Deskargatu, erabili, ezagunen artean zabaldu… eta kontuan izan, indarkeria matxistari aurre egiteko zure zeregina ere garrantzitsua dela.

Jarain Sakana eta Sakana aske batean bizi!