Hildako adina haritz

Erabiltzailearen aurpegia

Igandean, Ziordiko udalak antolatutako Memoria Hilabetearen azkeneko ekitaldia ospatu zen.

Hilabete mugitua izan dute ziordiarrek. Muralak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, etab. Hau guztia herriak Memoria Historikoaren Legea betetzen ez zuelako. Ohartu bezain pronto, udal taldea lanean jarri eta gerra zibilean hildako 13 herritarrei buruzko informazioa bilatzen hasi zen. Gertatukoa argitu ondoren, Memoria Hilabetea prestatu zuten, ziordiarrak egoeran jartzeko nahian. Ekitaldi sorta despeditzeko, udalak 13 haritz landatu zituen hildakoen omenez. Baina ez zituzten ahaztu preso edo kontzentrazio eremutan egon zirenak, hondasunak lapurtu zizkietenak eta umiliatu zituzten emakumeak.

Eguerdi aldera, ziordiarrak udaletxera gerturatzen hasi ziren. Bertan, udalak pleno berezia prestatuta zeukan. Helburua, 1936ko estatu kolpeko gertakariak salatu eta hildako herritarrak ondratzea. Hasteko, bozeramaileek Nafarroan gerra zibilean zehar pairatutako errepresio "bortitza" aipatu zuten. Izan ere, nahiz eta fronterik ez egon, 3.000 pertsona baino gehiago fusilatuak eta desagertuak izan ziren. Gainera, kolpisten aurka eta gizarte libre baten alde borrokatu zutenen duintasuna goraipatua izan zen.

Dozenaka herritarren aurrean, zinegotziek antolatutako ekintza multzoen zergatiak sakonki azaldu zituzten. "Ziordiko udalak hilabete honetan antolatutako ekimenen bidez memoria historikoarekiko hurbilketa bilatu nahi zuen", baieztatu zuen Olatz Irizar zinegotziak. Memoria berreskuratzeko ariketatzat jo zuten. Biktimek "egiarako, justiziarako eta erreparaziorako" duten eskubidea berreskuratzeko, hain zuzen ere. Omenaldian Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde Unai Uhalde, EH Bilduko David Anaut parlamentaria eta Sakanako udal ordezkariak izan ziren.

Memoriarako parkea
Biktimen aitortze instituzionala burutzeko, autobia azpiko pasabide parean dagoen parkeari Memoria Historikoko Parkea izendapena eman dio udalak. Han 13 haritzak landatuko zituzten, baita eskultura eta plaka bat ipini ere. Gainera, hildako bi herriko alkatea eta zinegotzi bat zirela kontuan hartuz, udaletxean beste plaka bat jarriko da hurrengo hilabetean. Bukatzeko, eta txaloen artean, senideek arrosa sortak hartu zituzten, ondoren haritzen sustraien alboan uzteko.

Hitzaldia despeditu eta gero, lekukoak parkera abiatu ziren. Hantxe, landaketa hasi baino lehen Lur Larraza eta Luisillo Kalandra musikariek bi abesti eskaini zituzten, non Franco eta haren aldekoen eskutik jasotako errepresioa salatzen zuten. Berriz ere, herrikideen txaloen artean, familia bakoitzak haritz bana landatu zuen. Adin guztietako senide eta ondorengoak ikusi zitezkeen. Ekitaldiarekin bukatzeko, 13 dantzarik aurreskua dantzatu zuten eta eskulturari estalkia kendu zioten. Bertan, hildakoen izen-abizenak irakurri daitezke, baita omenaldiaren arrazoiak ere. Emozio gosea ase, bazkalordua gertu zen eta udalak mokadu jatea prestatu zuen gerturatu ziren guztientzako.

Balorazioa
Edurne Kasasek eta Olatz Irizarrek urrian zehar ikusitakoaz balorazio positiboa egin zuten. “Gaiari buruz ez zen hitz egiten eta hori lortu dugu”azaldu du Irizarrek. Jende "mordoa" etorri izanak bide onean daudela frogatu zuen. "13 pertsona asko dira. Alde batetik, espero genuen erantzuna baina, bestetik, zerbait antolatzen duzunean beldurra daukazu", ziurtatu zuen Irizarrek. Etorkizunean zerbait gehiago antolatzea ez dute baztertzen.

Gainera, ekitaldi ezberdinetan parte hartu zutenen Toti Martinez de Lezeari, Pako Etxeberriari eta Jose Mari Esparzari eskerrak eman zieten. Ezeren gainetik, haiek aurkeztutako borondatea azpimarratu zuten.


Hamahiruak
Estatu kolpekoan hildakoak
Juan Agirre Pozueta
Domingo San Roman Otsoa
Francisco San Roman Otsoa
Juan Migel Otsoa Beinaran
Martin Elso Latasa

Errepublikaren aldeko frontean hilak
Fernando Agirre Arregi
Pedro Agirre Pozueta
Ramon Goikoetxea Etxeberria
Epifanio Gonzalez Villar
Celestino Otsoa Martinez
Gregorio Otsoa Martinez
Marcelino Zabaleta Goia

Espetxean hila, Madrilen
Pablo Ramirez Sancho

Erlazionatuak

Memoria historikoari buruzko pleno berezia

Erabiltzailearen aurpegia Ziordia

Memoria Historikoari eskainitako hilabetea despeditzeko pleno berezia egin zuen atzo Ziordiko Udalak. Onartutako adierazpena hemen entzungai.