guaixe.eus

Mª Carmen Cruz Fabrega: “Teoria buruz dakigu, baina kontua elikadura egokia praktikara eramatea da”

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Iruntzundarrak 2 motako diabetikoei zuzenduriko Paziente Eskolaren lantegi batean parte hartu du. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak antolatu zuen Irurtzunen hilaren lehen hamabostaldian.

Mª Carmen Cruz Fabrega: “Teoria buruz dakigu, baina kontua elikadura egokia praktikara eramatea da”
Mª Carmen Cruz Fabrega | Ikusi handiago | Argazki originala

1. Zer da diabetesa?
Glukosa mailak altuegiak izatean datza. Gainera, nabaritzen ez duzun gaitza da, ez baitizu minik egiten. Horregatik, jaterako orduan jendeak huts asko egiten ditu, askotan ez dakitelako gaixotasuna dutenik.

2. Zer desberdintasun dago 1. eta 2. motakoen artean?
Nik esanen nuke lehenengoa okerrena dela. Izan ere, injekzioak jarri beharko dituzu betirako. Orain gailu moderno batzuk atera dituzte eritasuna hobeki kontrolatu ahal izateko.

3. Noiz jabetu zinen gaitza zeneukala?
Egunetik egunera, ohiko analisi batean izan zen, 40 urte pasata nituela. Hainbat sintoma bitxi sumatzen hasi nintzen: oso egarri nintzen eta komunera asko nioan, besteak beste.

4. Ordutik zure dieta asko aldatu al da?
Hasiera batean, pastilla hartzearekin hobe kontrolatu nezaken. Baina duela 6 urte inguru injekzioa jartzen hasi nintzen. Beraz, seriotasun handiagoz hartu nuen elikadura. Egunean bost bat kilometro egiten ditut oinez eta astean bitan gimnasia egiten dut. Ez naiz geldirik egoten diren pertsona horietako bat.

5. Egunerokotasunean, nola eragiten dizu? Zer motatako neurriak hartzen dituzu hura kontrolatzeko?
Erregimena segitzen baduzu ez duzu arazorik izanen. Egia da egunen batean pasatuz gero ez zaizula deus pasatuko, baina komenigarria da moderazioz jatea. Ni ere batzuetan pasatu izan naiz eta gaizki zaudela sumatzen duzu, ahoa idor daukazula edo dena delakoa.

6. Ahaide diabetikorik izan al duzu?
Bai, aurretikoak aski eta soberan neuzkan. Ahizpa eta izeba diabetikoak ditut, eta amak ere gaitza izan zuen.

7. Nolakoa izan da ikastaroaren funtzionamendua?
Elikadura-jarraibide batzuk ipintzen zizkiguten, bakoitzaren bizioak jakiteko. Teoria buruz dakigu, baina kontua elikadura egokia praktikara eramatea da. Kanpora bazkaltzera bazoaz, ez duzu fruta bat eskatuko. Errealistak izan gaitezen.

8. Harrera ona izan al du? Zenbat pertsonek hartu dute parte?
Nik baietz esanen nuke. 18-19 pertsona inguru egon ginen.

9. Zer nolako ariketak eta gaitasunak ikasi dituzue bertan?
Adibidez, diabetikoak izango ez bagina hartuko genituzkeen janariak ikusteko ariketak egin genituen. Segi beharreko elikadura gogorarazi ziguten, noizbehinka hartu ditzakegunak aipatu, eta abar. Esaterako, ardotxo bat bazkalorduan edatea ere ona izan daitekeela esan ziguten. Orokorrean, hartu beharrezko aztura egokietan murgiltzen zen ikastaroa.

10. Horrelako beste ikastaroren batean parte hartu izan al duzu?
Ez. Honakoa lehenengo aldia izan da. Nolanahi ere, gehiagotan egin beharreko gauza dela uste dut.

11. Zer iruditu zaizu esperientzia?
Egia esan, oso atsegina. Han bildutakook oso gustura egon ginen eta ikastaroa eman zutenak oso jatorrak iruditu zitzaizkidan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak