Porrotaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Marian Mendiola Barandalla 2018ko eka. 8a, 08:11

kolaboratzaileak

Joan zen hilean Alberto Iñurrategik Irurtzunen emandako hitzaldi eta dokumentalaren  izenburua hartu dut jomugan, “Porrotaren alde-Elogio del fracaso”. Iratxo eElkarteak, kirol astearen barruan, antolatutako ekimen polita gailurra zapaltzeari, arrakasta izateari, ematen zaion gehiegizko garrantziaz gogoeta egiteko.
Mendizaleak ezbaian jartzen du gailurra egitea zer den, arrakastaren sinonimo edo porrota ezkutatzeko aitzakia? Bere esanetan, gerta daiteke egindako ibilbidea porrotez betetakoa izatea, baina, gailurra egitean hori ezkutatu eta arrakasta soilik azaleratzea. Nire uste apalean eguneroko bizitzako eremu guztien bueltan hausnartzeko bide ematen du diaporama horrek, mendizaletasunetik haratago zabal baitaiteke. Gainera, arrakasta saltzen diguten gizarte honen irizpidearen kontra joaten den mezu ausarta botatzen du.
Porrotaren laudorioa ulertzeko, has gaitezen porrota zer den azaltzen. Hauxe da Harluxet hiztegi entziklopedikoan ematen den definizioa: Norbaitek bere asmo eta helburuetan aurrez espero zitzakeen edo nahi zituen emaitzak ez lortzea, adibidez, eskola-porrota. Porrot hitza 160 aldiz ageri omen da hiztegi entziklopedikoan. Hauetatik, sarrera gehienak gerraz mintzo dira porrot hitza aipatzen denean. Hau da, oso konnotazio ezkorra du porrot hitzak.
Baina bada porrot hitza ageri den sarrera bat adierazpen horretatik aldentzen dena: autoikaskuntza. Honatx hiztegiko definizioa: (1) Nork bere kabuz egiten duen ikaskuntza. (2) Inform. Sistema batek, bere ekintzen arrakasta edo porrotean oinarrituta, bere programa pixkanaka aldatuz hobetzeko duen gaitasuna. Hortaz, porrota bada ikasteko eta hazteko baliabide boteretsua.
Gauzak horrela, agerian gelditzen da porrota eta arrakasta txanpon baten bi aurpegiak direla. Galtzaileak, mina hartzen du eta irabazleak, poza. Baina galtzaileak zer on atera lezake galeratik? Psikologoek porrota nola bideratu esaten digute, aldiz, bizitzako eskolan adituak-arituak direnek ekinez eta eginez erakusten digute.
Eta azken horien jakinduria aintzat hartuz gero, hauxe da egin dezakeguna: nork bere buruarekin ahaleginduz eta behartuz ikasten dituen hamaika gauzei balioa ematea, gailurra zapaltzearen edo arrakastaren baitan ez daudenak. Denok jakin badakigu benetako ahalegin baten ondorengo porrota, porrot ona dela, elementu positibo ugari izan ditzakeelako. Egindako bidean edo prozesuan emandako urrats guztiei begiratu eta arreta jarri beharko genioke, hori baita garrantzitsuena, interesgarriena eta emozioak biziarazteko ezinbestekoa.
Eta, bukatzeko, idatzi honen abiapuntua beste bat izan bada ere, gaiak, ezinbestez, ikasleak ekarri dizkidala gogora, ekainean edo garagarrilean porrota vs. arrakasta larrutik bizitzen ari baitira.