Memoria, in memorian

Erabiltzailearen aurpegia Marian Mendiola Barandalla 2018ko uzt. 13a, 08:12

kolaboratzaileak

Ilea urdintzeak istorioetan eta historian bidaia luzeagoak egitea ahalbidetzen du. Gainera, tarteka memoria-bidaiak egiteko parada izaten da euskaldunok bazkarien bueltan kontu kontari –batzuetan, kontu katilu– egoteko dugun joerarekin.

Gure herrian dokumentu eta artxibo gunea elkarlanean sortzen dabiltzanekin egindako bidaia kontatuko dizuet. Auzolanak eskatzen duen legez, lagun-arteko bazkaria antolatu eta horren bueltan memoria historikoan eta memoria hurbilean egindako bidaia da honakoa. Bazkalorduan, sutan erretako haragi eta barazkien kedarra antzemateaz gain, urtetan pilatutako liburu usaina nabarmena da. Margarita Aiestaran (1934-2011) eta Justo de la Cueva (1937-2017) iruindar-madrildar bikoteak urtetan pilatutako dokumentuak, liburuak eta prentsa-ebakinak nonahi ageri dira, jakien parez pare eta mokoz moko. Gune horretan, bere oinordekoek eta lagunek egindako lan itzelari esker, zientzia politiko eta sozialari buruzko 4.000 lan inguru bildu dituzte, gehienak teoria eta historia marxistaren bueltan eta beste asko frankismoren eta Euskal Herriaren inguruko obrak.

Gure historia hurbilean bereziki asaldatua eta bortitza izan den aldia ulertu ahal izateko altxor asko dago jasota JCDAG izeneko gune horretan. Badakigu memoria bizitako historiaren pertzepzio subjektibo eta plurala dela. Gainera, badakigu, memoriaren erpin guztiak kudeatzea gatazkatsua suerta daitekeela, batez ere mina oraindik egutegian hurbil ikusten denean. Horregatik, memoriaren ekimen hauek, martxan dauden beste askoren antzera, baliagarriak suertatzen dira gure gazteek euren buruari galdetzeko eta erantzun ahal izateko nola eta zergatik gertatu ziren iraganeko gertakariak eta nolako eragina duten orainean.

Hainbat belaunalditako  jendea kontu kontari jartzen garenean jabetzen gara helduendako herenegungo gertakariak diren horiek, gure gaztetxoendako “dinosauroen” garaiko kontuak direla. Horregatik, JCDAG izeneko memoria-gordailu horrek izan beza merezi duen tokia eta laguntza. Egitasmoarekin aurrera egiteko santa-eskean hasi dira, crowdfunding kanpaina eginez, herri honetan asko bezala. Esanak esan, egindako lana ez dadila bihur gure herriaren aztarna galdua, gure aita-amen eta aittun-amiñen historiaren parte ere baita. (http://www.justodelacueva.info)