Bakaikuko elizako abesbatzak asteburu paregabea du aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2017ko urr. 27a, 08:30

25 urte bete ditu Bakaikuko abesbatzak eta urteurrena ospatzeko kontzertua eta
beste prestatu ditu. Mezetan kantatzen dute, baita goizaldean aurorak ere.

1. Nolaz, zergatik sortu zen abesbatza?
Koru txiki bat zegoen aurretik, apaiz berri bat herrira ailegatu zen eta elizako goiko partetik abestera animatu zigun.

2. Zein da zuzendaria?
Osane Leitza abesbatzaren zuzendaria da. Osane betidanik gure zuzendaria izan da, eta hemen bagaude, berarengatik izan da.

3. Zenbat kide zarete? Guztiak bakaikuarrak?
Hogeiren bat. Bai, nahiz eta batzuk bakaikuarrak ez izan bertan bizi dira. Kide gazteenak 15 urte ditu eta nagusienak 81. Zaletasunagatik hasi ginen abesten.

4. Zuen errepertorioa zein da?
Batez ere mezetarako prestatzen dugu dena, beraz, sakroa. Aurorak ere abesten ditugu eta herrirako euskal kanten kontzerturen bat ere eman dugu.

5. Zein da zuen abesti gustukoena?
Zaila dugu esatea, izan ere gure errepertorioa mezetarako izatera mugatuta dago gehien bat, baina Josetxoren Aurorak nabarmendu nahiko genituzke. Josetxo herriko apaiz bat izan zen eta guretako euskarazko aurora batzuk konposatu zituen. Beste kanta polit bat Madinaren Aita Gurea da.

6. Noiz entseatzen duzue?
Astean behin, ostegunero, 21:30ean. Igandero Bakaikuko elizan kantatzen dugu, hori bai, agorrilean jai hartzen dugu eta ez dugu abesten. Eta entzuleak? Gero eta gutxiago, kar, kar, kar. Auroretan entzule gehiago ditugu, herrian zehar egiten baitira.

7. Oso urrun joan zarete abestera? Nora?
Egia esan, ez. Gehienez ezkontza batera edo auroroekin urtero egiten den Nafarroako Auroroen elkarretaratzera. Zahar-egoitzetan eta EITBko mezetan ere abesten egon gara.

8. Larunbatean urteurrena izango da, zer egingo duzue?
Asteburu bat prestatu dugu. Larunbatean kontzertu bat egonen da, Etxarri Aranazko eta Atarrabiako Paz de Ziganda helduen abesbatzek abestuko dute. Akaberan haiekin abesti pare bat abestuko ditugu. Igandean 07:00etan aurorak izanen ditugu, 12:00etan meza egonen da, eta bertan 25 urte hauetan izan garen kide guztiak abestuko dugu, berrogei pertsona bilduko gara. Ondoren otamen bat izango dugu eta gero bazkari bat ere bai. Ahaztu zaigu esatea argazki erakusketa bat ere egonen dela 25 urte hauetan egindako argazkiekin. Larunbateko kontzertuan zehar eta domekako meza garaian ikusgai izanen da.

9. Eta bertan jendea parte hartzeko zer pentsatu duzue egitea?
Jendea kontzertuetara, argazki erakusketara eta meza eta gero egongo den otamenera parte hartzera animatzen dugu.

10. Anekdota bitxiren bat kontatzeko…
Orain dela urte batzuk, herriko festak zirenean Corellako Auroroetara joan ginen, akordeoirik gabe. Beraz, geneukanarekin aurrera egin genuen. Ez genuen oso ongi pasa. Gainera, egun hartan bazkaldu gabe etxera bueltatu ginen. Beste bat kontatzearren, orain dela aste bat pasatu zitzaiguna da. Abesbatzako kide bat entsegutik goiz atera zen eta bera ohartu gabe gelan giltzapetu zigun. Gaueko 11ak ziren konturatu ginenean eta jendeari mugikorretik hots eginez ibili ginen handik ateratzeko.

11. Zuendako abesbatza herriko parte garrantzitsu bat da?
Bai, azkenean herriko talde batendako astean behin elkartzea garrantzitsua da, momentu onak elkarrekin bizitzea. Ez da soilik mezetan abestea, sortzen duzun giroa baizik. Gainera, urtero irteera bat antolatzen dugu eta Sakanako beste abesbatzekin asko elkartzen garela, Iturmendikoekin, adibidez, urtero birritan.