Kontrako haizeari gogor eginez

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2019ko mai. 31a, 08:11

M-26ko hauteskundeak direla eta, itxaropena genuen Tren Sozialaren alde eta AHTren aurkako borrokan egoera hobean aurkituko ginela, baina, zoritxarrez, ez da horrela izan. Izan ere, “aldaketa” deitutako gobernua babestu duten alderdien gehiengoak konpromiso irmoa hartua zuen AHTrekin zerikusia duten proiektuak bertan behera uzteko ahalegin guztia eginen zutela, baina, esan bezala, gobernu aukera hori zapuztuta gelditu da. Hala ere, Tren Sozialaren aldeko jarrerak galtzaile atera badira ere, horregatik ez dira AHTren aurka egoteko arrazoiak gutxitu, ezta izpirik ere!

Hauteskundeen ondorioz ateratako aukera bat “progresoa” edo “aurrerapenaren” gobernua da, indar handienez hauspotu dena. Horren oinarrian PSN eta Geroa Bai alderdiak egonen lirateke, biak AHTren aldeko jarrera azaldu dutenak. Horrela, beren burua “aurrerapenaren” gobernu bezala izendatzen badute ere, guretzat argi dago AHTa sustatzea eta eraikitzea ez dela aurrerapena. Izan ere, lurra alferrik txikituz, dirutza publikoa xahutuz eta ustelkeriaz blaiturik garatzen den proiektua, bada horixe, gizarteari egiten ahal zaion mila milioiko estafa erraldoi bat da, besterik ez. Bestalde, jakin badakigu alderdi horien barnean ere, garatu beharreko tren ereduaren gainean nolabaiteko eztabaida piztua dela, hain zuzen ere, datuak hain agerikoak eta argiak dira!

Hori horrela, haizearen norabidea kontra jarri bazaigu ere, gero eta sendoagoak dira Tren Sozialaren alde eta AHTren aurka egoteko arrazoiak. Gainera, Sakanako udaletan nagusiki izandako emaitzek ere horretan indarra ematen digute. Horregatik, gure ibarrean eta baita trenbideak eragindako Nafarroako besteetan ere, tinko segituko dugu lanean eta borrokan gure ingurumenaren, gure ekonomiaren eta gure herrien alde; hortaz, borroka hau luzea izanen delako, herritar guztiak animatzen zaituztegu gure bileretan eta gure ekintzetan parte hartzera ahal duzuen guztietan.