Susa ibarra ezagutzen, AHTren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2019ko urr. 25a, 08:08

Araba eta Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren kontrako plataformetako ordezkariak Italiako Susa ibarrean egon dira udara honetan. Bailaran sekulako triskantza egin nahi dute Turin (Italia) eta Lyon (Frantzia) arteko AHTrako bidea eraikitzeko, azpiegitura txikitzaile handienetarikoa Alpe mendilerroa zeharkatzen duen tunel luze bat delarik.

Hemengo plataformako kideok hango esperientziaren berri jasotzera joan ginen, urteak eta urteak baitaramatzate han AHTren aurkako borrokan. Eta oso interesgarria izan zen. Era eta pentsamolde oso desberdinetako pertsonekin elkartu ginen han: anarkistak, komunistak, katolikoak... Baita ibarreko hautetsi eta biztanleekin ere.

Bai Espainiako Estatuan bai Italian, botereek azpiegitura erraldoi hau aurrera eramateko justifikazio eta arrazoi faltsu berberak erabiltzen dituzte. Bietan aurrerapena eta modernitatea jartzen dute AHT egiteko argudio nagusi gisa. Baina argi dugu proiektu honek ekartzen diguna gure lurraren hondamendia eta gure poltsikoen porrota dela, besterik ez.

Susa Ibarrean ere manifestazio handia egin zuten udara honetan, guk Altsasun egin genuenaren antzekoa, 10.000 pertsona inguruko parte hartzearekin. Bertako manifestazioa desberdina izan zen, ordea; han zazpi orduko martxa bat antolatu zen lanak egiten ari diren eremuraino iristeko, hesiak eta poliziak alde guztietatik zeudelarik... Baina finean oso antzekoa, herritarrak baitzeuden hor, bailarako ia  biztanle guztiak, denok azpiegitura suntsitzaile honen kontra.

Hau guztia ikusi ondoren, Susa bailarako esperientzia guretzako probetxugarria izan daitekeela uste dugu. Hori dela eta, hango kide batzuk gure lurraldeetara gonbidatzea aztertzen ari gara, gure egoera erakusteko eta bide batez Sakanako biztanleoi beren esperientzia zuzenean ezagutzera emateko.