Aurrera egin

Erabiltzailearen aurpegia

Uste dut iraileko idatzian aipatu genuela udazken mugitua zetorrela jubilatuondako. Ia bi urte daramatzagu borrokarekin eta Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bukatutzat jotzen du promesen garaia. Egia da zerbait lortu dugula, baina Pentsio Sistema Publikoa bera bermatu gabe dago eta pentsio duinak ere ez.

Urrian ikusi ahal izan duzue jubilatuen borroka indartsu dagoela. Lehenengo egunean (nazioarteko adinekoen eguna) manifestazio eta kontzentrazio adierazgarriak egon ziren Hego Euskal Herriko hiri, eskualde eta herri askotan. Deigarriagoa Madrilera oinez egin zen ibilaldia iparraldetik eta hegoaldetik abiatuta, Kongresua inguratu eta, bertan, Pentsioen Sistema Publikoa aldarrikatzeko. 

Hala ere aurrera egin beharrean aurkitzen gara; borrokarako partaidetza zabaldu nahi dugu, pentsioen arazoa ez da gaur jubilatuta gaudenon arazoa, gure aldarrikapenak gehiengoarenak dira: langile, langabetu, gazte, nagusi, gizon zein emakumeenak. Hau horrela izanik,eragile sozial, sindikal eta hainbat mugimenduekin egin den elkarlana emankorra izan da, eta heldu diren hilabeteetarako antolatu den mobilizazio egutegia aipagarria da. Azaroaren 16ko manifestazioa, abenduan Parlamentuen aurrean egingo ditugun kontzentrazioak eta urtarrileko greba orokorra eragile guzti hauekin partekatuak izango dira. Horrela islatuko dugu Jubilatu eta Pentsionisten arazoak gizarte guztiaren arazoak direla eta gure borrokak guztion borroka izan behar duela.

Datozen hauteskundeetatik ateratzen den gobernuari, ateratzen dena atera, ekintzak exijituko dizkiogu eta behingoz, bere ardura bete dezala,berma diezaiela pertsonei bizi duin bat, eta horretarako lanpostu duinak eta pentsio publiko bidezko eta nahikoak zihurta ditzala.

Berdin da nork gobernatu, guk Pentsio Publikoak defendatu!