Udarako hiru liburu

Erabiltzailearen aurpegia Urdiaingo Liburutegia 2019ko uzt. 5a, 08:25

HIJAS DE EGALIA (Gerd Brantenberg, 1977 Norbeia)
Liburu honetan gure egunerokoan ohikoak diren egoera asko aurkezten dira aldaketa “txiki” batekin: rolak aldatuta.

Idazleak aurkezten digun gizartean, emakumeak dira kanpora joaten direnak, botere postuetan daudenak, ekonomia kontrolatzen dutenak… eta gizonezkoak etxean gelditzen direnak, umeak zaintzen dituztenak eta amodioaz eta modaz kezkatzen direnak.
Rol aldaketa hauek behin baino gehiagotan ikusi ditugu bai literaturan bai zineman. Hala ere, hemen pauso bat urrutiago joaten da, hizkuntza ere horren arabera aldatzen baita; munduaren interpretazioa emakumeek eginez gero, horrela izendatua izango da: parlamenta, sociedad hembrista, movimiento masculinista…
Hasierako kapituluetan hizkuntzaren erabilera bitxia, barregarria egiten zaigu; baina aurrera joan ahala, konturatuko gara barneratuta ditugun egoera batzuk erabat absurdoak direla.

Imajina hilerokoaren festa ospakizuna Konstituzio eguna ospatzeko egiten den festaren moduan…

 

BILBO SAMURAI (Fernando Morillo)

Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.

Bidean “Dorre zuria” paperezko liburuak, zibilizazioaren altxorra, eta hauek gordetzen dituen zaindariarekin egingo dute topo, besteak beste.

Zientzia fikzioa, abentura, adiskidetasuna, maitasuna, akzioa…

Eta gainera euskaraz!!!

 

PINTTO (Magali Le Huche)

Txikienendako Pintto eta hainbat musika motarekin lotuta argitaratu dituzten bost ipuin interaktibo edo elkarreragile: Pintto eta orkestra, Pintto eta fanfarrea, Pintto eta rocka, Pintto eta musika Afrikarra eta, momentuz azkena dena, Pintto eta opera.

Zergatik elkarreragile? Bada, liburu bakoitzean Pinttoren bizipena kontatzen digun bitartean, agertzen diren 16 instrumentuak entzun ahal ditugulako bozgorailuaren marrazkia sakatuz. Soinua kalitate oso onekoa da, eta horrek egiten du erakargarri bai haur, bai ez hain haur, bai helduendako.