Liburutegia ezagutzen ez dutenei eskutitza

Erabiltzailearen aurpegia Ziordiko liburutegia 2019ko ira. 20a, 08:26

Uda pasatzen ari da eta eguraldi aldaketarekin gure eguneroko ohiturak ere aldatu egiten ditugu. Hotza, euria, hori izango da berehala gure herrietara iritsiko dena eta horri aurre egiteko beti ditugu hamaika aukera. 

Herri txikietan ez omen dago ezer.  Hori da beti marmarrean gure inguruan entzuten duguna.  Hirietan berriz, han bai, noski!, han denetarik OMEN dago. Horrela al da? 

Sakana, herri txikiz osaturik dago eta jendeari jakinarazi behar diogu badagoela zer egina, alegia, aukera bikainak ditugula gure denbora asetzeko. Horietako bat gure liburutegiak dira. Sakanan, nik dakidala,  zortzi liburutegi daude. Liburuak, filmak, aldizkariak, musika, erakusketak, hitzaldiak, eta abar luze bat DOHAINIK. Bertan goxo-goxo egoteko gune zoragarria eta erlaxatzeko leku ezin hobea. Ikasteko, marrazteko, musika entzuteko… horixe da liburutegi bat. Edozertarako erantzuna ematen dizun ESPAZIO LIBREA. Oporretan bidaia liburuak, mendira joateko gida liburuak, irakurtzen ikasten hasteko haurrendako liburuak, hizkuntzak ikasteko liburuak, baratzean aritzeko liburuak, sukaldatzeko liburuak…

Hori guztia azalduta, liburutegira gerturatuko zareten guztioi Ziordiko liburutegitik gomendio batzuk egin nahi dizkizuet. Sekula ez baduzu irakurri, ez kezkatu, etor zaitez, izan ere beti aurkituko baituzu irakurtzeko oso erraza izan daitekeen Jon Arretxeren edozein liburu edo Alberto Ladron Aranaren beste hainbeste. Euskara erraza eta gainera, aise irakurtzeko istorioak. Gaztelaniaz, berriz, esate baterako, nobela beltzak oso sinpleak izanen dira, ala biografiak.  Beraz, inoiz ez bazara hurbildu zure herriko liburutegira, oraingoan ez daukazu aitzakiarik. Liburuzaina beti egongo da laguntzeko eta edozein gomendio emateko prest.