Fikziozko egoera batean

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2015ko urr. 23a, 08:00

Fikziozko egoera batean, zeinetan herritarrak ahaldundu diren, albiste buru bat izan liteke ‘Atera da Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohia zigortzen duen epaia, kargu publikoetan politikari putre moduan jokatzeagatik’.

Leporatutako faltak ugariak izan ziren, eta hona hemen haiengatik Barcinak jasotako zigorrak: lehenengoa, jarrera nartzisista eta handiustea azaltzea, eta mugarik gabe agintekeriaz jokatzea. Horregatik, apaltasunarena den kolore moreko maindire soil batez estalita, hilabete batez egunean sei orduz Iruñeko Gaztelu Plazan jendaurrean egon beharra; bigarrena, enpresa txiki eta ertainen kontra eta kanpoko multinazionalen alde sutsuki jardutea, halaber, zerbitzu eta ondare publikoak esku pribatuetan uztea. Horregatik, bere ondasunak bahitu, bertako ekonomia sustatzeko planetan erabiltzeko; hirugarrena, ‘krisiaren’ kudeaketan behartsuenen kaltetan, elite ekonomikoen alde lotsagabeki aritzea. Horregatik, bost urtez astean hamar ordutan behartsuenen aldeko auzolanetan aritu beharra; laugarrena, Nafarroan berezkoa den euskal kulturaren, Olentzeroren eta Gaztelu Plazako bezalako kultur ondarearen kontra etenik gabe aritzea. Horregatik, bost urtez astean hamar ordutan kultur ondarea berreskuratzeko auzolanetan aritu beharra; bosgarrena, ate birakariak baliatuta, egindako mesedeengatik 200.000 euroko soldata onartzea. Horregatik, jarduera profesionaleko dirutzatik bost urtez gutxieneko soldatatik goitikoa bahitu, behartsuenen alde erabiltzeko.

Herritar ahaldunduen epailetza horrek zigor hori ereduzkoa izatea nahi luke, ez baita onargarria herritarren zerbitzurako eta onerako aritu beharrean, norbere interesen eta elite ekonomikoen alde aritzea, herritarrei eskasia eta kalte mingarria eraginez.