Espainieraz ez; euskaraz, eskubidez

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2020ko abe. 4a, 08:11

Gaur amaitzen da Euskaraldia, hau da, euskaldunen artean euskaraz hitz egiteko ohitura indartzeko ariketa. Bada premia! Izan ere, Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, hitz egiteko tenorean eskas samar gabiltza, eta Sakanan antzera. Joxean Artzeren esaldi ezaguna gogoratuz, "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik". Hori horrela, Ikas prozesuan ari denak meritu bikoitza du, ikasteagatik eta hitz egiten ahalegintzeagatik. Alabaina, gure herrietan, makina bat aldiz entzuten dira euskaldunak, maila ona izan arren, espainieraz haien artean. Ohituragatik, erosokeriagatik, utzikeriagatik, euskal identitate eskasagatik, lotsagatik, auskalo! Hortaz, Euskaraldiaren saiakerak emaitza ona izan dezala!

Nolanahi ere, jokabide pertsonalak oso garrantzitsuak izan arren, berebiziko garrantzia dute jarduketa edo zerbitzu publikoa eskaintzen duten eragileek, publikoek nahiz pribatuek. Aipatzekoak dira administrazio publikoa, alderdi politikoak, merkataritza guneak, zerbitzu enpresak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar. Horiek denek ezinbesteko eginkizuna dute euskararen normalizazioaren bidean, hain zuzen ere, kulturaren eta identitatearen erreferente direlako. Baina, oro har, haien jarduketa ez da oso txukuna. Nafarroako Gobernuaren leihatiletan arruntena da "no hablo vasco, en español" esaldia.

Euskaltasuna ikur duten saltokietan, kutxetan eta abarretan, Nafarroako Gobernuaren antzera. Politikari abertzale euskaldunak espainieraz barra-barra, kataluniarrak ez bezala. Oro har, ez zaie antzematen euskarazko zerbitzua eskaintzeko benetako plangintzarik, marketina egiteko ez bada. "No hablo vasco, en español", bost hitzetan ukatzen diote euskaldunari legez aitortua duen eskubidea. Ez por favor; ezta mesedez ere! Zapaltzen dute pertsona bezala, bere kultura eta bere nortasuna. Bortizkeria sinbolikoa eta estrukturala.

Euskararen Legea 1986ko abenduan onartu zenetik hogeita hamabost urte betetzear direnean, oraindik horrela. Alabaina, Nafarroako Gobernuaren 2021 urteko aurrekontu aurrerakoiak onartuko direla eta, tokitxo bat izanen ahal zuen euskararen aferak negoziazioetan. Hori horrela, aipatutako esaldi gogaikarri horri erantzuteko "Espainieraz ez; euskaraz, eskubidez" erantzuterik izanen dugu.