Euskara irakaskuntzan, aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia Aizpea euskara taldea 2013ko abe. 13a, 00:00

Euskaraz bizi nahi dut, Euskarak 365 egun, # mundiala... ekimenek euskarak bizi duen egoeraren  isla dira: gizartearen bultzada behar du irauteko. Gainera, funtsezko zenbait eskubide  aldarrikatu behar dira oraindik Nafarroan, aitortu gabeak baititu. Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea erreibindikatuko da Tafallan, abenduaren 14an.Euskarak, aurrerapauso galantak emanak dituela ukatzerik ez egon arren,  halakoak behar beharrezkoak  ditu oraindik, zoritxarrez. Ala onez? Lozorroan den izkira ur korronteak eramaten duela erakusten du erdal esaerak. Konfiantza gehiegizkoak, sarri, istripuak, ezbeharrak sortzen dituela, alegia. Egoera horretan ote gaude azken boladan euskaldun eta euskaltzaleok? Iratzarri eta begiak irekitzeko premian? Gu, lo gozoan; etsaiak ez, ordea. Aukerarik onena baliatzeko prest, beti.  Eta hemen datozkigu berriro. Inolako disimulurik gabe, erasora. Bertakoak nahiz kanpokoak. Baliabide guztiak erabiltzeko prest. Erasoko jokoan. Azkena, bortitza. Zer egiteko gai diren garbi erakusten duena. Joko zikinean oinarritua, irakasle zein gainontzeko langileak, ikasleak  eta gurasoak jomuga dituena. Gizarte osoa, oro har, gizartearen aukeratzeko eskubidearen kontra ari baitira, askatasunaren kontra, finean. Gurasoak izutzea helburu duen kanpaina mediatiko onartezina. Helburua, bakarra: gurasoak kikiltzea, gurasoen artean izua sortzea, D ereduan matrikula ez ditzaten seme-alabak. Arrazoi pedagogiko guztiek eredu hau babesten dutela? Beraiei bost. Erantzunak neurrikoa behar du izan: irmoa eta garbia. Ikusgarria. Abenduaren 18an Iruñean entzungo dena: D eredua aurrera!