Nire Arte Galeria

Erabiltzailearen aurpegia Argiñe Berastegi Lizarraga 2016ko ots. 26a, 08:00

Aurrekoan zure etxera egokitzen ez den obra bat erosi eta ganbaran gorde beharrak kolekzionista egiten zaituela irakurri nuen.

Orain dela urte batzuk arraroa eta bitxia, edota luxuzko zerbait, zirudien etxeko paretak artelanez estaltzea. Egun, aldiz, gero eta jende gehiagok “osatzen” ditugu gure etxeak artelanez. Eskulturak eta margolanak maskota bilakatu eta gure egunerokotasunaren parte egiten ditugu. Horregatik, garrantzitsua izango da hauek maitatzea.

Berdina gertatzen da enpresa handiekin. Gero eta enpresa gehiagok, eta mota oso ezberdinetakoak gainera, artean inbertitzen dute, euren lantokiak espazio kultural bilakatuz.

Ideia honekin Iruñetik kilometro gutxira dagoen Bodega Otazu datorkit burura. Arte garaikide bilduma oso garrantzitsua sortzen joan da azken urteetan. Bertan artista handien obrak bizitzeko aukera paregabea daukagu: Rafael Barrios, Xabier Mascaró, Isaac Julien, Jose Manuel Ballester, Anish Kapoor...  Hemen artea ikusteaz gain, edan daitekeela diote.

Gorren beste adibide bat, enpresetarako makinaria egiten duen Errioxako Wurth enpresa dugu, zeinak industrialdeetan kulturara egokitutako espazioak sortzea duen helburu. Eta,  Bodega Otazu-n bezala, artista ugariren artelanak ikus ditzakegu bertan, Anselm Kiefer, Max Beckmann, Max Ernst, Edvard Munch, Pablo Picasso, Anish Kapoor, Henry Moore, Jackson Pollock, Fernando Botero, Andy Warhol eta Eduardo Chillida besteen artean.

Gurera bueltatuz, jakin badakit artelanak erosteko aberatsa izatea ez dela beharrezkoa. Arteaz gozatzeko edo gozatzen ikasteko garrantzitsuena begiratzen ikastea da;  geroz eta arte gehiago ikusi, orduan eta gehiago gustatuko zaizu artea. Beraz, bisitatu ditzagun gure herrietako erakusketak, galeriak, museoak, etxeak eta baita enpresak ere.