Playing for change

Erabiltzailearen aurpegia

Gaurkoan musika proiektu interesgarri bati buruz hitz egitera nator. Playing for Change multimedia musika proiektua da. 2002an sortu zen eta musika erabilita aldaketa soziala bilatzen du.

2002an sortu zen proiektua. Fundatzaileak Mark Johnson, Raan Williams eta Whitney Kroenke izan ziren. Hauen ideia grabaketa estudio bat kalera eramatea izan zen, kalean jotzen zuen jendearekin disko bat grabatzeko ideiarekin. Honetaz gain, kamara batzuk ere eraman zituzten, horrela kaleko atmosfera guztia biltzeko.

Mundu osoan zehar ibili ziren grabaketa hauek egiten. Hauek dira bisitatutako leku batzuk: New Orleans, Bartzelona, Hego Afrika, India, Nepal, Irlanda… Grabaketarako materiala eraman zuten beraiekin eta toki ezberdinetako kaleko artistei abesti bera abesten grabatu zieten: horrela, abesti bera estilo oso ezberdinetan grabatzea lortu zuten.

Egindako lana dokumental moduan aurkeztu zuten eta hainbat sari lortu zituzten. Dokumentalaren izenburua “A cinematic discovery of street musicians” da.

Egindako lana ondo zegoen, baina fundazio honek aurrerapauso bat emateko gogoa zuen eta, horrela, kalean ezagututako artistak batu egin zituen eta Playing for change Band sortu zuten. Gaur egun, taldeak munduko hainbat tourretan parte hartzen du, eta horrela haien mezua zabaltzen dute: kultura ezberdinetakoak izanda, denek hitz egiten dugula hizkuntza bera: musika.

2008an proiektua berriro ere hazi egin zen, eta Playing for change fundazioa sortu zuten. Helburua munduan zehar musika eskolak sortzea eta gazteak bertan biltzea da. 2008tik 11 eskola sortu dituzte munduan barna.

2011an Playing for change eguna sortu zuten, haien proiektua finantzatzeko modu bezala. Lehenengo urte horretan 330 ekitaldi eskaini ziren 52 herrialdetan. 2014an 400 ekitaldi egin ziren 60 herrialdetan.
2013 urtean fundazio honek musika ikasteko programen finantzaketa sortu zuen, donazioen bitartez gazte baten musika formazioa ordaintzeko asmoarekin. Honen inguruan interesa baldin baduzue haien web gunean sartzeko aukera duzue: Playingforchange.com.

Honetaz aparte, grabatutako bideo guztiak ikusgarri dituzue haien Youtube-ko kanalean.