Julen Martija, denbora gutxian loratu den pilotaria

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2016ko ots. 19a, 15:19

Etxeberriko atzelariak profesionaletan debutatuko du otsailaren 21ean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Bikotekide Yves Xalaberri “Xala” izango du, honek profesional bezala jokatuko duen azken partidan.

Kirol gehienetan bezala, esku-pilotan ere elitera iristea gutxi batzuen esku dago. Asko dira afizionatutatik profesionaletarako jauzia ematen saiatzen direnak, baina gutxi galbahea igarotzea erdiesten dutenak. Urrats hori emateko talentua, zorte apur bat eta gogor lan egiteko gaitasuna eduki behar dira. Bidea gogorra izaten da, malkartsua, baina ez luzea ezinbestean. Horren lekuko da Julen Martija. 18 urte besterik ez dituela, Etxeberriko atzelaria Asperekin debutatzear da. Aitortu duenez, eman zaion aukera sinestea oraindik kosta egiten zaio: “Enpresarekin soilik entrenamendu bat egindakoa nintzen, beraz, ez nuen inolaz ere espero debutatzeko aukera horren azkar ematea. Ametsa da niretzat. Uste dut oraindik ez dudala guztiz sinistu”.

Ziztu-bizian, kasik oharkabean iritsi da Martija elitera. Pilotan sei urterekin hasi zen, Irurtzungo pilota eskolan. Egun profesional diren pilotari askoren kasuan ez bezala, etxeberriarrak kirol honekiko duen zaletasuna ez da senitartekoengandik eratorria. Pilotak txikitatik erakartzen zuen, “futbolak eta gainontzeko kirolek baino dezente gehiago”. Horrela, lagun batzuekin batera Irurtzunen jokatzen hasi zen. Lehen pilotakada haiek ematerakoan profesional bilakatzea ez zerabilkion buruan. Gozamenagatik jokatzen zuen. Asko gozatzen baitzuen. Irurtzunen ez zenean, Etxeberriko pilotaleku ttipian aritzen zen pilotari jo eta jo. “Etxeberri oso txikia da, eta ez dago nire adineko pilotaririk. Beraz, normalean bakarrik aritzen nintzen. Asko ere ez zidan axola. Azken batean, jendearekin aritzeko Irurtzungo entrenamenduak nituen”.

Irurtzunen 14 urte bete arte aritu zen. Adin horrekin Iruñera joateko abagunea sortu zitzaion, eta ez zuen birritan pentsatu. Irurtzunen oso gustura zebilen, entrenamenduak etxetik gertu egiten baitzituen, eta giro onean. Haatik, Iruñean bere adineko pilotari dezente gehiago zeuden, eta hori ingurune hobea ei zen pilotari bezala garatu eta hobetzeko: “Irurtzunetik Iruñera alde txikia dago azpiegiturei dagokienez, baina adin bereko jendearekin entrenatzea izugarri nabaritzen da. Garai hartan jada nahiko onak ziren batzuekin hasi nintzen entrenatzen: Lasorekin, Bakaikoarekin… Iruñeara joateak bultzada handia eman zion nire formakuntza-prozesuari”.

Lehenik San Juanen aritu zen, eta ondoren Uharteko pilota klubera mugitu zen (bertan eman ditu azken hiru urteak). Martijaren esanetan, Iruñean emandako lehen urteetan bere burua ongi ikusten zuen, baina jakitun zen bera baino pilotari hobeak zeudela. Onenengandik maila bat azpitik zegoen. Duela gutxi arte hala egon da, afizionatuen artean nabarmendu gabe. Alabaina, azken hilabeteetan loratu egin da: joa irabazi du, gorputza hartu du, eta horrekin batera bere errendimenduak nabarmen egin du gora. Horren erakusle da berriki Xabier Urbietarekin Senior kategoriako Zaldibarreko txapelketa irabazi izana. Diario Vasco torneoan ere maila onean aritu zen, nahiz eta finala galdu. Bistakoa denez, azken aldian merituak egin ditu jendearen arreta bereganatzeko. Eta merituek ordaina ekarri diote: Etxeberriko atzelaria profesionaletan aritzeko prest dagoela erabaki du Aspek.

Lana talentuaren aurretik
Soa atzera botata, Martijak garbi dauka pribilegiatu bat dela, elitera oso azkar iritsi baita, “maila handiko pilotari asko bidean gelditzen den bitartean”. Nolanahi, dagoen lekura izerdiaren bidetik iritsi da, esfortzu handia eginda. Etxeberrikoaren esanetan, hori omen da profesionaletara iristeko modu bakarra: “Kirolean gorengo mailara iristeko sakrifikatu egin behar zara. Neurri handiago edo txikiagoan, kirolak bizitza pertsonala baldintzatzen dizu. Batzuetan gogorra egiten da, baina behin emaitzak lortuta, ikusten duzu esfortzu hori egiteak pena merezi duela”.

Horren harira, arrakasta izateko lana talentua baino garrantzitsuagoa dela uste du Martijak. Bere hitzetan, badago talentu handiko jendea lanik egin ez eta profesionaletara iristen ez dena. Hori dela eta, emankorrago deritzo egunero lan eta lan aritzeari, “horrek gehienetan fruituak ematen baititu”. “Talentu minimo bat edukitzea beharrezkoa da, baina lanik egin ezean sen horrek ezer gutxirako balio du. Horregatik funtsezkoa da norberak ahalik eta lan gehien egitea”. Atzelari ona izateko eduki beharreko ezaugarriei dagokienez, lanaz gain, kantxan segurua izateari garrantzi handia aitortzen dio. “Jendeak atzelariengandik gehien estimatzen duen ezaugarria kolpe handia izatea da. Nire ustez, ordea, garrantzitsuagoa da atzelari bat segurua izatea. Joa izatea ongi dago, baina ez du askorako balio gero pilotarik errazenak galtzen badituzu”.

Erronkak: elitera egokitu eta ikasketekin jarraitzea
Etorkizunari ilusio handiz erreparatzen dio Martijak. Ez da gutxiagorako, 18 urterekin debutatzea ez baitago edonoren esku. Aspek eman dion aukera “paregabe” lez definitzen du. Bere esanetan, orain beragan jarritako konfidantzari behar bezalako ihardespena ematea dagokio. Horretarako txipa aldatu beharko du, afizionatutatik profesionaletara dezenteko jauzia baitago. Etxeberrikoak garbi dauka bere lehen erronka mailara egokitzea izango dela, baina bere buruari ez dio inongo presiorik jarri nahi: “Eman beharreko lehen urratsa profesional mailara egokitzea da. Hasieran akaso ez da erraza izango, nire adinarekin profesionaletan aritzea ez baita oso ohikoa. Nahiko nukeena da pixkanaka onenengandik ikasten joan, eta kantxan geroz eta erosoago sentitzea. Baina presa nahiz presiorik gabe”.
Hastear den etapa berrian pilota izango da bere bizitzaren erdigune, entrenamendu eta partidek denbora asko hartuko baitiote. Dena den, Martijak aitortu duenez, eguneko 24 orduak ez dizkio pilotari eskainiko, ikasketak ere aurrera atera nahi baititu. Jakitun da bi alor horiek uztartzeak esfortzu handia suposatuko diola, baina pena merezi duela deritzo. “Pilotan punta-puntan urte askoz aritzea oso zaila da. Beti gerta daiteke lesio larriren bat izatea, edota bat-batean beherakada handia izatea. Hori dela  eta, beti izan behar da alternatiba bat, helduleku bat, badaezpada”. Halaber, garbi dauka kirolean arrakasta izateak ez duela aldatuko. Pertsona normaltzat dauka bere burua, eta bizimodu normala izaten jarraitu nahi omen du. “Egia da jendeak agian beste modu batera begiratuko nauela, baina nik beti bezalakoa izaten jarraituko dut”.

“Xalarekin aritzea esperientzia ahaztezina izango da”
Etorkizunari begira dituen erronkak ez dira makalak, baina uneon Martijak ez du etorri daitekeenean gehiegi pentsatu nahi. Nahiago du debutean buru-belarri zentratu. Estreinako partida otsailaren 21Ean jokatuko du, igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Partida oso berezia izango da Etxeberriko atzelariarentzat, debuta egiteaz gain, Xalarekin osatuko baitu bikotea, Lekuinekoak profesionaletan jokatuko duen azken partidan. “Ohorea izango da berarekin batera aritzea, pilotari aparta izan baita. Irabazi dituen txapela guztiak dira horren lekuko. Kirol honetan arrastoa utzi duen gizona da. Beraz, berarekin aritzea esperientzia ahaztezina izango da”. Retegi Bi eta Cecilio izango dituzte aurkari.

Debutari begira duen gogo-aldarteari dagokionez, bere burua nahiko lasai dakusa, momentuz bederen. Azaldu duenez, normalean partida garrantzitsuenak jokatzen dituenean artegatasuna ez du gehiegi nabaritzen. Kantxan lasai aritzea debutean itxura ona emateko giltza izango dela uste du: “Urduri jarrita gauzak okertu besterik ez dira egiten. Astelenan espero dut urduriegi ez jartzea. Lasai ibili ezkero, uste dut nire maila emango dudala. Hasieran agian partidan sartzea apur bat kostako zait, baina behin martxa hartuta ongi moldatuko naizelakoan nago”.

Arakildik bi autobus
Martijaren debutak eta Xalaren agurrak ikusmina sortu du. Arakildik 2 autobus abiatuko dira igandean Astelenara eta 200 lagunen babesa izango du bertan.

Martijak debutatuta, Sakanak lau pilotari izango ditu profesionaletan
Sakanak une honetan hiru ordezkari ditu pilota profesionalean: Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta eta Aitor Zubieta. Hauei otsailaren 21etik aurrera Julen Martija batuko zaie. Etxeberrikoaren aburuz, pilotari sakandarrak maila oso handikoak dira: “Ezkurdia oso aurrelari ona da, eta Zubieta eta Zabaleta atzelari onenen artean daude. Ederra da horrelako pilotariak gertu izatea”. Bera bereziki Zabaletan fijatzen da, ia ondoan bizi baitira (bata Etxeberrikoa da, eta bestea Etxarrengoa), baina Zubieta ere erreferente ontzat dauka. “Zabaletak egundoko joa du eskuinarekin. Atzelari onenetarikoa edo, akaso, onena da. Eta Zubieta ere, ondo denean, jaun eta jabe izaten da atzeko koadroetan”.