Jolasak eta jostailuak aukeratzeko gomendioak

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Bilgunea 2014ko abe. 19a, 08:01

Adituen arabera, ikasteko jolasten dugu eta jolasean ikasten dugu. Izan ere, jolasaz baliatzen gara gure izaera eraikitzeko eta gure garapen kognitiboa, psikomotorra eta sozio-afektiboa gauzatzeko, eta arlo horiek bermatzen dute gure garapen integrala. Horrela adierazi ziguten Altsasuko ludotekan izandako “Jolasaren eragina haurren heziketan” tailerrean.

Bestalde, azaldu ziguten jolasa eta jostailuak ez direla berez sexistak, egiten dugun aukera eta erabilera direla (izatekotan) sexistak.

Hori dela eta, jostailuak aukeratzen laguntzeko gomendio batzuk gurera ekartzea egokia iruditu zaigu:
Aztertu haurren eskaerak modu kritiko eta koherentean. Ez esan baietz eskatzen duten guztiari.
Bilatu jolas librea eta espontaneoa sustatzen duten jostailuak.

Saihestu batzuk neskentzat eta besteak mutilentzat direneko ideia transmititzen dutenak.

Aukeratu bizitzako eremu guzietan neska-mutilak modu parekidean irudikatzen dituzten liburu, jolas eta bideo-jokoak.

Aukeratu pertsonen aniztasuna irudikatzen duten jostailuak eta saihestu estereotipoak sortzen dituztenak.
Sustatu neska-mutilak elkarrengana hurbiltzen dituzten jokoak.

Aukeratu umeen gaitasun pertsonal eta kolektiboak garatzen laguntzen duten jokoak.

Hautatu parte hartzean eta sentimenduak garatzerakoan berdintasuna sustatzen duten joko eta jostailuak.
Aukeratu arazoak modu eraikitzaile, baketsu eta sortzailean konpontzera bideratzen duten joko eta jostailuak.

Saihestu jostailu eta bideo-joko bortitz eta sexistak.

Saiatu ez aukeratzen kolorea dela eta, neska edo mutilei zuzenduak dauden jostailuak.

Aukeratu aurreiritzietatik aldentzen diren jostailuak, adin bakoitzari egokituak, seguruak direnak eta ingurumena errespetatzen dutenak. Baztertu araudiak betetzen ez dituztenak eta irakurri argibideak.
(Donostiako Udaleko “berdintasunean JOLASTU, berdintasunean BIZI” kanpainaren dekalogoa, egokitua).

Lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea xede duen Altsasuko III. Ituna.