Landa eremuko emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Bilgunea 2015ko urr. 9a, 08:00

Hurrengo urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. 1995ean, NBEek Beijinen antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarra izendatu zen Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna, mundu osoan landa eremuko emakumeek egiten duten lana ikusarazi eta aintzat hartzeko.

Urte hauetan zehar emakumeok aurrera egin dugu gure eskubideak erabiltzen, autonomia handitzen eta baliabide ekonomiko, sozial eta kulturalak eskuratzen. Urte hauetan zehar, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titulartasun partekatuaren figura berria arautua izan da eta honek ekarri du emakumeek baliabide ekonomikoak, lurra eta nekazaritzako ustiategia eskura ditzaketela, eta honekin batera, autonomia pertsonalerako beste urrats bat lortu ahal dutela.

Sakana landa eremutzat hartzen da. Jende gutxik lan egiten du nekazaritzan edo abeltzaintzan. Sakana Garapen Agentziak arlo honen diagnosia eta AMIA (DAFO) egin zuen Sakana 2020 Plan Estrategikoan azaltzen denez, “azken hamarkadatan abeltzaintza eta nekazaritzako jarduerek beherakada bat jasan izan duten arren, eskualdean ustiapen kopuru adierazgarri bat egoteak sektoreari buruzko ezagutza garrantzitsu bat suposatzen duela. Bertako ustiapen gehienak familia-ustiategiak dira eta jabegoaren gehiena gizonezkoa da. Emakumeek ustiapenen herenen jabegoa soilik dute”. Hala ere, sektorearen indarra moduan agertzen da Sakanan “emakumeek eginkizun garrantzitsua dutela ustiategietan, eta horrek ahalbidetzen duela jarduera modernizatzea, hirugarren sektorera bultzatzea, eta abar”.  

Arlo honetan Sakanako Plan Estrategikoan emakumeei buruzko datu gehiago agertu ez arren, ezta Nafarroako Akordio Programatikoan emakumeak izendatu ere ez egin, denok dakigu lurralde baten garapena lortzeko ezinbestekoa dela emakumeekin eta gizonekin, guztiekin lan egitea; emakumeen eta gizonen, guztien ekarpena edukitzea.

Ez ditugu hemen jarriko hurrengo urriaren 15eko helburuak, emakumeek eurak jarriko dituztelako, baina legea betetzeko eta emakumeek boterea, baliabide eta onura ekonomiko eta sozialak eskuratzeko erakundeen konpromisoa espero dugu.