Neska eta mutil, emakume eta gizon gazte, zuei zuzenduta:

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Bilgunea 2015ko aza. 20a, 08:00

Zuei zuzenduta, etorkizuna eraikitzen ari zaretelako; ez zuena soilik, baizik eta gizarte osoarena, eta hau ez da ‘enpresa’ makala!

Ziur badituzuela etorkizun hori egiteko ideia asko: batzuk errazagoak, beste batzuk etorkizuna bera bezain zabalak. Testutxo honetan azalduko dugu bat: ‘indarkeria bukatuko da denon arteko berdintasuna lortu dugunean’. Berdintasuna esaten dugunean, ez da denok –pertsonak, kulturak, herriak– ‘berdinak izatea’, baizik eta eskubide berak izatea: kulturalak, ekonomikoak, indibidualak… Ados?

Ba hau da lortu nahi duguna emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko. Jadanik eman duzue lehenengo urratsa: denok dakizue zuen arteko harremanetan indarkeria mota hau gertatzen dela. Hau esateko ez da urrun joan behar: Altsasun azaroaren 25a prestatzeko ikastetxe guztietan tailer batzuk egin dira, eta han parte hartu duten ikasleek ez dute inolaz ere zalantzan jarri indarkeria eta eraso matxistak daudela haien giroetan: koadriletan, ikastetxeetan, festetan… baita familietan ere.

Zenbakiekin ere gauza bera esan dezakegu: Nafarroan 2014 urtean Larrialdietarako Zentroan harrera eman zieten emakumeen % 42,85 18-30 urte bitarteko mugan zeuden; Harrera etxean,berriz, %50ak 40 urte baino gutxiago zeuzkaten. Eta salaketa gehiago jarri zituzten emakumeek, 18-24 urte bitartean zeuzkaten. Eta gizonak? Erasotzaile gehienak 35-39 urte bitartekoak ziren.

Errealitateak erakusten digu hau ez dela egoera indibiduala edo neska batek, edo gutxik, jasaten duten tratu txarra. Hau zabalduta dago: musika eta abesti sexistak, jelosiak, mugikorren bidezko kontrola, ukitzeak, irainak, mespretxuak…

Hau guztia ezagutzen duzuenez, orain bigarren urratsa dator: konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Inork ez dizue esan behar zer egingo duzuen zerbait aldatzeko. Honetan ere ez, zuek erabaki behar duzue nola egingo duzuen, nahi duzuen etorkizuna lortzeko.
Eta, ez badakizue zer egin, ikastetxeetako hainbat ikaslek esaten dutena entzun hurrengo azaroaren 25ean!