guaixe.eus

Nemo kapitaina bisitatzera joaten den haurraren istorioa

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura

Castillo Suarezen azken lana, Nemo kapitainaren azken bidaia, Basoko Marin aurkeztuko du gaur, 19:00etan.

Nafarroan laurogeita hamar bat haurrek bidaiatu behar dute haien gurasoren bat bisitatzeko. Castillo Suarezek haur horiei guztiei eskaini die Nemo kapitainaren azken bidaia liburua. Protagonistak ere bidaiak egiten ditu haren aita bisitatzeko. Egoerari aurre egiteko istorio bat asmatzen du. Gaur aurkeztuko dute Basoko Mari dendan 19:00etan.

Nemo kapitainaren azken bidaia liburuak, izenburuak dioen bezala bidaia batzuk kontatzen ditu. Baina ez nolanahiko bidaiak. Haur batek kartzelan dagoen aita bisitatzera joaten deneko bidaiak kontatzen ditu. Umea kontzientea da aita kartzelan dagoela: “kartzelak hotzak eta zikinak direla dio eta ez zaio gustatzen arrazoi askorengatik”. Gainera, kontzientea da gauza asko galtzen dituela. Hortaz, egoerari aurre egiteko Nemo kapitaina ikustera doala irudikatzen du. “Nemo kapitaina urpekari batean zegoen, bakarrik, irakurtzen eta oso pertsona berezia zen. Bakardadean bizi zen eta, gainera, haurrari itsasoko gauzak izugarri gustatzen zaizkio”. Egoerari aurre egiteko hartzen duen estrategia da: “berak irudi hori sortzen du mekanismo gisa hobeki bizi ahal izateko”.

“Mutiko hau existitzen da”. Castillo Suarez Juansaratseko ikastolara joan zen eta haurrekin hitz egiten zegoela, guztiek hasi ziren kontatzen haien aitaren ogibideaz. “Mutiko batek kontatzeko zeukan bere aita Valentzian bizi zela, eta nolabait parekatu nahi zuen besteekin”. Berari eskainita dago liburua: “iruditzen zait zor bat neukala mutiko horrekin”. Durangoko Azokan ere mutiko bat emakume batekin ikusten zuen, eta bazekien bere ama ez zela. Ama bisitan egoten zen eta, horregatik, izeba deitzen zuen emakume horrekin joaten zen. “Berari ere zor nion liburua”.

Istorioa haur baten ikuspuntutik kontatuta dago, hortaz, egoera hori sufritzen duen haur baten buruan sartzeko hiru familien laguntza izan du Suarezek. “Ume batek eman zidan ideia, baina beraiendako oso bizitza esperientzia gogorra da eta batzuetan dira gauza horretaz hitz egitera”. Aurkezpenera mutiko horietako baten aita joan zen, “haurrak ezin zuelako, oso triste jartzen dela dio”, eta liburuan agertzen den irudi batean bere burua ikusten zuela esan zion Suarezi.

Suarezek baldintza bat jarri zion argitaletxeari: ilustrazioak Aitziber Alonsok egitea. Bost eta bederatzi urte tartean irakurtzeko gomendatuta dagoen arren, Suarezek uste du haurrak eta helduak elkarrekin irakurtzeko liburu bat dela. “Galdera asko sortuko dizkio umeari”. Haurrendako literaturarekin beldur da ez ote diren liburuak helduendako egiten. “Irakurri duten helduek esan didate asko gustatu zaiela. Ea haurrek berdin esaten didate”.

Nemo kapitainaren azken bidaia martxoaren 28an aurkeztu zuen Arbizuko liburutegian, baina, gaur 19:00etan, Altsasuko aurkeztuko du Basoko Marin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak