guaixe.eus

Herriko udako bizia

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Urdiaingo igerilekuen 50. urteurrena ospatuko du aurten Aitziber elkarteak.

Herriko udako bizia
Maite Aldaz, Arantza Flores eta Barri igerilekuan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urdiaingo Urrizti dermioaren ondoan daude Urdiaingo igerilekuak. Haritza, pago eta gaztainondoen artean bainua hartzeko, kafe bat edo eguzkia hartzeko leku “paregabea” dela diote Arantza Flores eta Maite Aldaz Aitziber elkarteko kideek. Urdiaingo udako bizitzaren parte garrantzitsua. Aurten igerilekuen 50 urteurrena ospatuko du Aitziber elkarteak.

Udaberrian eta udan lanean egon eta gero, 1967ko agorrilaren 13an mustu zituzten Urdiaingo igerilekuak. Aurretik, maiatzaren 1ean, Aitziber elkartea sortu zuten herrian. Bi historia parean joan ziren: “gauza asko deskubritzen ari gara. Ezagutzen ez genuen historioa azalarazten”. Elkartearen eta igerilekuen 50. urteurren ospakizunak prestatzeko taldea sortu dute elkartean eta Arantza Floresek eta Maite Aldazek talde horretan parte hartzen dute. Bazkide egunean, lastailaren 7an, dokumental bat aurkeztuko dute.



Putzu batean bainatzen hasi ziren urdiaindar gazteak. Urdiain industrializatzen hasi zirenean, herria aldapan zegoenez, eremu bat laua bihurtzeko lurra behar zuten. Urrizti dermiotik lortu zuten lur hori, egungo Magotteaux enpresa kokatzeko. Husteak putzu handi bat sortu zuen, eta urez betetzen zenean, gazteak bainatzera joaten ziren. Elkargunea bihurtu zen, Floresek eta Aldazek kontatu duten bezala. “Garai hartan elkartea sortu zenez, zerbait egin behar zela pentsatu, eta igerilekuak egitea erabaki zuten”.



Auzolana
Sakanako lehenengo igerilekua izan zen, baita Nafarroako lehenetarikoa ere. Sakanan elkarte batek kudeatzen duen igerileku bakarra da gaur egun Urdiaingoa. Hortaz, elkartean bi zati daude: alde batetik “etxeaz” arduratzen den taldea eta, bestetik, igerilekuaren taldea. Elkarteko kuotan, aldiz, biak sartzen dira. “Ondorioz, bazkideak doan sartzen gara igerilekuetan”. Gainera, auzolanean egiten dira lan gehienak. Bazkideko auzolan bat igerilekuan. “Igerilekuak alokatzen dira, enkantearen bidez. Baina mantenua auzolanean egiten dugu. Talde bat osatzen da. Lehen herriko gizon batek egiten zuen, baina erretiratu zen, eta auzolanean egitea erabaki genuen”. Ireki aurretik ere auzolanean igerilekuak prestatzen dituzte: “Igerilekuak hustu eta garbitu, taberna garbitu...”. Udan talde bat funtzionamenduaz arduratzen da, araztegiak eta bestek behar bezala lan egiten dutela ziurtatzen du.



Auzolanean kudeatzen hasi ziren duela 50 urte igerilekuak. “Lehenengo auzolana sarrerak kobratzea izan zela esan zigun batek: 1967ko agorrilaren 14an”. Orduan, batek sarrerak kobratzen zituen, beste bat tabernan aritzen zen... Gaur egun, enkantearen bidez alokatzen dituzte igerilekuak. “Deialdi bat egiten da eta tarte bat uzten da proposamenak egiteko. Bat badago hori hartzen da. Asko badaude juntak erabaki behar du. Ez da bakarrik diru kopurua kontuan hartzen; herrikoak diren edo ez, zein den haien proposamena...”. Azken urteetan alokairuan jartzeko arazo gehiago daudela aitortu dute: “lehen, gu gazteak ginenean-eta, jende gazteak hartzen zuen, udan dirua irabazi nahi zuten ikasleek, eta abarrek. 1970ko hamarkadan familiek ere hartu izan zuten. Langabezian gelditu eta igerilekuak alokatzen zituzten”.

Aurten lau pertsonak alokatu dituzte Urdiaingo igerilekuak: Jon, Barri, Natalia eta Anak. Aurreneko aldia da Barri altsasuarrak igerilekuak alokatzen dituela. Joni laguntzeko asmoz alokatu omen ditu. “Jon urdiaindarra da eta esan zidan jendea behar zutela igerilekuak alokatzeko. Hasieran asteburuetan lagunduko niola esan, eta uda osoa egotea erabaki dut”. Tabernaren kudeaketaz arduratzen dira gehienbat, baita sarreran txartelak kobratzeaz ere. Tabernan menuak ematen dituzte, pintxoak, eta “bezeroak nahi duen guztia”. “Ahoz aho jendea konturatzen ari da bazkariak eta afariak ematen ditugula, eta geroz eta jende gehiago dator”. Leku izugarri polita dela dio Barrik, “magikoa”. Eguraldiak laguntzen duenean igerilekuak betetzen direla dio. “Esperientzia polita izaten ari da”.



Mende erdia
Urdiaingo igerilekuak mustu zituztenetik “zertxobait aldatu” direla diote Floresek eta Aldazek. “Mustu zituztenean gu oraindik ez ginen jaio, baina guk bizi izan ditugu tranpolina eta toboganak”. Tranpolina eta toboganak zeuden igerilekuetan. Igerileku txikian hiru tobogan omen zeuden ere. Gainera, orain baino sakonera handiagoa zuela esan dute. “U antzeko bat egiten zuen eta erdian bi metro inguruko sakonera zuen”. Segurtasun kontuengatik tranpolina eta toboganak kendu behar izan zituzten. “Tranpolinetik eta toboganetatik jaisten eta igotzen aritzen ginen, baina, antza denez, ez ziren seguruak”, diote.

“Araudiak askotan aldatzen dituzte, eta elkarteak noizbehinka mantenu lanak egin behar ditu. Batzuetan badirudi aurretik kendu duguna berriz jarri behar dugula”. Juntan igerilekuen gaiak “urduri” xamar jartzen dituela aitortu dute. “Igerilekuei buruz hitz egin behar dugunean esaten dugu: sorpresa! Ea zer tokatzen den orain”. Berrikuntzak egiteko azken urteetan elkarteko kuotaz gainera diru gehiago ordaindu behar izan dutela azaldu dute.

Araudi berriak igerilekuetan eskatzen dituen azken berrikuntzak egiteko Urdiaingo Udalak 30.000 euro aurreikusi ditu udal aurrekontuetan. “Egoera konplikatu bat da igerilekuak bizi duena”. Igerilekuak publikoak direnean, udalak diru kopuru eskaintzen die beti, baina, kasu honetan, elkartearenak direnez, bazkideak arduratu behar dira. “Iritsi da une bat non, edo ordaintzen dugun, edo ixten dugun. Gainera, elkartearen junta bi urtetik behin aldatzen denez, gauzak moteltzen direla dirudi”. Baina, ez dute ixten utziko. “Aberasgarria da herriarendako. Eguraldi ona egiten duenean ez dago inor herrian, jende guztia hemen dago: kafe bat hartzen, inguruan paseo bat ematen eta gero bainu bat hartzen...”. Urdiaindarrak ez ezik, inguruko herrietako jendea ere hurbiltzen da igerilekuetara, baita kanpoko jendea ere.



Urteurrena
Urdiaingo igerilekuen urteurrena ospatzeko agorrilaren 15ean brindisa eginen dute igerilekuetan. Aitziber eguna denez, Aitziber ermitara erromeria eginen dute eta, ondoren, igerilekuen inguruetan bazkalduko dute. 13:30ean brindisa eginen dute. Aurreko gauerako kontzertuak antolatu dituzte. Agorrilaren 27an Sarabera irteera “ilustratua” eginen dute eta, lastailaren 7an, bazkideen egunean, dokumentala aurkeztuko dute. Dokumentalean elkartearen eta igerilekuen hasierako urteak erakutsiko dituzte, “putzutik etxea egin arte”.

Argazki zaharrak: Aitziber elkartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak