guaixe.eus

Milena Yordanova: "Altsasun Bulgariarekiko antzekotasunak ikusten ditut"

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Milena Yordanova Nikolova, Munduko Arrozak ekimeneko parte-hartzailea

 

Milena bulgariarra da, eta Altsasuko festetan ospatuko den Munduko Arrozak ekimenean parte hartuko du. Zortzi urte darama Altsasun, bederatzi urte Catalunyan pasa ondoren. Herrimina handia duela aitortzen du, hortaz, jaioterriaz hitz egiteko edozein aukera aprobetxatzen du. Irribarrea ateratzen zaio Bulgariako jakiez hitz egiten, festez, baita herriez ere. Horregatik, ere kulturartekotasuna bultzatzeko ekimenetan parte hartzea gustatzen zaio, Bulgaria ikustarazteko eta beste hainbat herrialdeez ikasteko.

1. Zertan datza Munduko arrozak ekimena?
Jendeak hainbat herrialdetako janaria ezagutzeko ekimen bat da. Arroza Munduko herrialde askotan sukaldatzen da eta bakoitzean modu ezberdinean egiten da. Amankomunean dugun osagai bat da. Bulgariakoa, esaterako, ez da horren ezberdina. Guk arroza labean sukaldatzen dugu. Baina geroz eta jende gehiagok egiten du hemen bezala.

2. Noiz eta non ospatuko da?
Altsasuko festetan, irailaren 17an, domekan, goizean zehar. Ordu eta erdi inguru izango dugu arroza prestatzeko, 11:00etatik aurrera. Gero dastatzeko aukera izango da. Bitartean magia ikuskizuna egongo da, musika...

3. Altsasuko festetan Munduko Arrozak ekimena hirugarren urtez ospatuko da aurten. Aurrekoetan parte hartu duzu?
Iaz lagun batek parte hartu izan zuen eta ni laguntzaile bezala aritu nintzen lana egin behar nuelako. Olatzagutiko jaietan parte hartu nuen arroza sukaldatzen.

4. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso ona. Jende asko ezagutu nuen: Senegalgo jendea, Ganbiakoa, Maroko... Eta arroz guztiak probatu nituen, denetarik. Oso desberdinak eta interesgarriak.

5. Beraz, esperientzia gustatu zitzaizun eta aurten parte hartzea erabaki duzu.
Sukaldatzea gustatzen zait, eta dakidana egiten erakustea gustatzen zait ere. Ez da bakarrik gastronomia, kultura desberdinak ezagutzeko aukera dago Munduko Arrozak ekimenean.
Gustatuko litzaidake jendeak Bulgariako gastronomiaz gehiago jakitea, baita hango jendeaz ere. Bulgariaz gutxi dakite hemen. Oso herrialde polita da. Denetarik dugu, itsasoa, mendia...Altsasun Bulgariarekiko antzekotasunak ikusten ditut: dantzak antzekoak dira; Kukerak ditugu, Momotxorro antzekoak direnak, eta gure koloreak berdea, txuria eta gorria dira.  

6. Zer prestatuko duzu?
Arroza oilaskoarekin, normala. Hemen egiten denaren antzekoa da. Bulgaria osoan sukaldatzen da eta ohikoena da. Baina guk labean egiten dugu. Igandean dagoenarekin moldatuko naiz. Oilaskoa botako diot, hobe koipe pixka bat badu eta hezurrak kenduko dizkiot; tipula, piper beltza eta ura. Chubritsa botako diot, oreganoaren antzeko ongailu bat da. Hasieran kalabazinarekin egitea pentsatu nuen. Nire amak askotan prestatzen du kalabazinarekin, baina iganderako haragia botatzea hobe dela uste dut. Guk gainetik yogurta botatzen diogu. Jendeak ez daki, baina yogurta Bulgariako jaki bat da. Bulgarian hainbat plater gehiago egiten dira arrozarekin, esaterako, piperrak arroza eta haragi txikituarekin betetzen ditugu, edota azak. Azken hau Balkanetako plater tradizionala da.

7. Munduko Arrozak ekimenean hainbat herrialdetako arrozak egongo dira dastatzeko. Zertan desberdinduko da Bulgariakoa?
Ez da mina. Hemen prestatzen denaren antzekoa da zaporez. Arroz nahiko sinplea da.

8. Prestatzen duzun bitartean egiten ari zarena azalduko duzu?
Bai. Eta beste arrozak probatzen joango naiz ere. Prestatzen joaten zaren bitartean ondokoetara joaten zara eta haiek botatzen dituzten osagaiengatik galdetzen duzu...

9. Laguntza izango duzu?
Bai, Bulgariako lagun bat edo nire alaba egongo dira nirekin.

10. Ez da zure lehenengo Munduko Arrozak izango, zer da gehien gustatzen zaizuna?
Esperientzia oso polita da. Jende asko sukaldatzen gaude, eta besteen arrozak probatzen goaz. Ez da lehiaketa bat, gure gastronomia eta kultura erakusteko ekimen bat da. Jendearekin hitz egiten duzu eta kultura desberdinak ezagutzeko aukera duzu . Gainera, arroz horiek etxean prestatzen saiatu zaitezke gero. Nire haurrei Marokoko cous-cousa asko gustatzen zaie. Ez da bakarrik arroza prestatzea eta dastatzea.

11. Nola eman zenuen izena?
Begori esan nion, Sakanako Mankomunitateko Anitzarteko teknikaria. Parte hartu nahi duenak 648 070 710 deitu dezake. Holako ekimenetan parte hartzea gustatzen zait. Zelandin ere kulturartekotasun astea ospatzen dugu eta haurrei gure herrialdetako kultura eta ohiturak kontatzen dizkiegu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak