guaixe.eus

“Elkartzeko ilusioa geneukan”

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

1964an institutuan ikasten hasi ziren 40 bat gizon elkartu ziren larunbatean. hasi zirenetik 50 urte baino gehiago pasa dira. Gertatutakoak gogoratzen egon ziren. Jose Tomas Sanzberro k antolatu zuen topaketa Martin Mazkiaran olaztiarraren laguntzarekin.

“Elkartzeko ilusioa geneukan”
1946an institutuan ikasle izandakoak. Argazkia: Erkuden | Ikusi handiago | Argazki originala

1. Zer ikasten zenuten Altsasuko institutuan?
Lan-Batxilergoa deitzen zena. Hamar irakasgai genituen, eta tailerra. Denetarik ikasten genuen: zientziak, matematikak eta letrak; baita mekanika, zura eta elektrizitatea. Hiru hilabete bakoitza. Bazen Oinarrizko Batxilergoa ere. Guk egin genuen laborala.

2 .Zenbat urtez ikasi zenuten?
Ni egon nintzen bakarrik lau urte, baina zazpi urte egon zirenak badaude. Ondoren urte bat etxean pasa nuen eta Salesianotan ikasi nuen. Beste batzuek karrerak egin zituzten: medikuntza, ingeniaritza...

3. Zenbat urterekin etorri zinen?
1964ko lastailaren 13an etorri nintzen eta hamaika urte nituen. Gehienak hamaika eta hamahiru urterekin etortzen ginen.

4. Arizkunetik etortzen zinen. Otadiko Kristo Deuna aterpean barneko ikaslea zeunden, beraz.
Bai. Orain ikusten ditut hamar urteko mutikoak eta pentsatzen dut niri hamar urterekin beste herri batera bidali nindutela, sakrilegio handia izan zela. Hiru hilabetero etxera itzultzen ginen. Leku askotatik etorritako jendean elkartzen ginen ostatuan.

5. Zergatik ikasten zenuten institutu honetan?
Nik uste ama gaizki orientatu zutela. Pentsatzen zuen hemendik ogibide batekin aterako nintzela, baina ez zen horrela. Batxilergoa ikasi ondoren zerbait gehiago ikasi behar zen. Maisua etxera joaten zen eta esaten zien semeak ikasteko gaitasuna zuela eta hobe zuela batxilergoa egiten bazuen. Nik uste nirekin okertu zirela, niri ez zitzaidan ikastea gustatzen.

6. Nolakoa zen zuen bizitza?
Ona. Hemengo mutikoekin ongi moldatzen ginen. Haurrak ginen eta haserreren bat egoten zen, baina, oro-har, hitz egiten genuen eta harremana ona geneukan. Altsasurekiko harreman oso ona mantentzen dut. Oroitzapen asko ditut. Egunkarian beti herriko zerbait ikusten dudanean irakurtzen dut eta norbait ezagutzen dudan begiratzen dut. Oso berezia da niretako. Gelan 50 bat pertsona geunden.

7. Nolakoak ziren irakasleak?
Denetarik zegoen, baina Francoren diktaduran geunden, eta nabaritzen zen. Batzuk liberalagoak ziren, baina beldurragatik ez zuten asko esaten. Cara al Sol abestu behar genuen. Baina gu haurrak ginen, ez genekien Franco nor zen ere. Esaten zigutena ez genuen ulertzen.

8. 50 urte pasa dira hemen ikasi zenuenetik. Harremana mantendu duzue?
Batzuk ikastera elkarrekin joan ziren eta kontaktuan jarraitzen zuten. Beste batzuk ez. Ferietara etorri nintzen eta Martin Mazkiaranekin elkartu nintzen. Bera ote zen ziurtatzeko begiratzen egon nintzen eta azkenean gerturatu nintzen. Hitz egiten hasi ginen eta harremana berreskuratu genuen. Gero Ugarte anaiekin elkartu ginen, Antoñanakoak.

9. Eta topaketa hau antolatzea erabaki zenuten?
Nik ilusio hori neukan. Eta Mazkiarani esan nion. Haiek esan zidaten ilusio berdina zutela. Eta jendearekin kontaktatzen nuen bitartean, ilusioa zutela esaten zidaten. Telefonoz kontaktatu dut, ikusten banuen norbaiten senide bat hil zela tanatoriora joan naiz, lagunaren anaiaren etxera deituz haren telefonoa galdetzeko... Ilusio handia nuen. Sei elkartzen baginen, sei. Zortzi, bada zortzi.

10. Hurrengo urteetan antolatzea pentsatu duzue?
Bai. Wathsapp bidez komunikatzen gara, eta behin kontaktatu dudala nik uste jarraituko dugula topaketa hau egiten.

11. Zenbat pertsona elkartu zarete?
Ehun bat pertsonen kontaktua lortu dugu, eta 45 elkartu gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak