guaixe.eus

Zoilo: “Saudi Arabian pelikulak liburu bat bezalakoak direla uste dute, ez dute zinema kulturarik”

  Kultura  Altsasu

Hainbat pelikuletan arte departamentuan dekoratuak egiten parte hartu du Fernando Zoilo altsasuarrak. Tarte bat hartu zuen, baina duela hilabete batzuk proposamen berezi bat jaso zuen: Saudi Arabiako lehenengo pelikulan parte hartzea. Baietz esan zuen. Bertan bi hilabete baino gehiago egon zen, eta duela gutxi itzuli zen herrira.

Zoilo: “Saudi Arabian pelikulak liburu bat bezalakoak direla uste dute, ez dute zinema kulturarik”
Fernando Zoilok Saudi Arabiako lehenen pelikulan parte hartu du. Argazkia: Erkuden | Ikusi handiago | Argazki originala

1. Saudi Arabiako lehenengo pelikulan parte hartu duzu. Nola iritsi zinen proiektu honetan?
Zineman urte asko lan egin dut, eta hots egin zidaten. Erronka handia izan da. Oso leku itxia da bizimodua aldetik.

2. Nola izan da Saudi Arabian lan egitea?
Oso arraroa izan da. Uneoro otoitz egiten daude, bost aldiz egunean otoitz egiten dute 40 minutuz. Egia esan ez dakit 40 minutuak dauden, baina haien kultua 40 minutukoak dira. Beraz, denda batean baldin bazaude ixten dute eta barruan gelditzen da, kalean bazaude kalean gelditzen zara sartu ezinik... Leku berri bat da, nazio berri bat. XX. mendean sortu zuten basamortuko beduinoak elkartuz.

3. Zailtasunak izan dituzue, beraz.
Behar genuena lortzea, adibidez, zaila zen. Zegoenarekin egin behar genituen gauzak, gehien bat palmerak. Eta jendeak lan kultura desberdina du. Zerbait egiteko esaten genien eta mintzen ziren. Pentsatzen dute haiek ez dutela hori egin behar. Oso lasaiak dira ere. Gainera, leku batetik beste batera joateko ordu edo ordu eta erdiko bidaia egiten genuen. Oso gaizki gidatzen dute, eta istripu asko ikusten genituen.

4. Beroak ere eragina izango zuen, ezta?
Altsasuko festetan joan ginen, irailaren 17an edo, eta egunean zehar 45 eta 50 gradu artean egiten zituen eta gauean 40 gradu. Lanean eragina izan du, baina ohitzen zara. Bero lehorra da, eta egokitzen zara. Lehenengo egunetan ur asko edaten genuen, freskagarriak... baina gero ohitu ginen eta jasangarria zen. Gainera ez du erretzen. Ni oso txuria naiz eta eguzkiak ematen didanean azkar gorri jartzen naiz, baina han ez. Eguzkitan lan egiten genuen eta ez nintzen erre. Azala lehortzen zen, baina erre ez.

5. Saudi Arabian ez dago zinema kulturarik. Pelikula hutsetik egin behar izan duzue. Zein zen zure lana?
Gehien bat altzariak egitea. Izan ere, bertan ezin da ezer alokatu. Hortaz, argazki zaharretan liburuetan eta abarretan oinarrituz gauzak egiten ditugu. Gameluendako askak, gameluen gainean eramateko eserlekuak... horrelako gauzak. Dagoeneko existitzen ez diren gauzak eraikitzea. Museoren batek ere utzi zizkigun pieza batzuk, baina altxorrak bezala tratatu behar genituen, eta hortik erreprodukzioak egin. Bertako printzipe batek ordaindu du filma, beraz, gauzak lortzeko edozein lekutan ateak irekiak genituen.

6. Zenbatek parte hartu duzue filmean?
Gure departamentuan, nagusien eta langileen artean hamar bat egongo ginen. Filmaren zati bat Ingalaterran grabatu da eta beste zatia Saudi Arabian. Beraz, ekoizpen ingelesa eta espainiarra da. Saudi Arabiako jendea ere zegoen lanean, printzesa bat, esaterako. Bera arduratzen zen biografia egiazkoa izateaz, protagonista bere arbasoa zelako.

7. Beraz, Saudi Arabiako errege bati buruzkoa da filma?
Faisal lehenengo erregeari buruz, bai. Ume bat zela Ingalaterrara bidali zuten une hartan Ingalaterrak Turkiari armak saltzen ziolako eta Turkiak Meka Saudi Arabiari kendu ziolako. Beraz, printze bat zela, umea, Ingalaterrara bidali zuten gauzak konpontzeko. Horregatik, ere ekoizpenaren erdia Ingalaterrakoa da eta bertan grabatu da. Haiek pentsatzen dute pelikula bat liburu bat bezalakoa dela, eta biografia bat denez, gertatu zen bezala izan behar dela. Ez dute ulertzen akzio pixka bat izan behar duela, fikzioa sartu behar dela ere pelikula hori deigarria izateko. Pelikula ordaindu duen printzeak Ingalaterran grabatutakoa ikustera gonbidatu zigun bere etxetzarrera, bertan zinema sala txiki bat zeukan, eta ikusi ondoren haren arrebak, printzesak, kexatu ziren esanez historia ez zela horrela eta asmatu dutela.

8. Born a King Saudi Arabiako lehenengo filma izanen da. Zergatik orain?
Printze berria, errege izango dena, 30 urteko gazte bat da. Herrialdea modernizatu nahi du, eta beste gauzen artean zinema sartuko du. Martxorako mila inguru multi-zinema irekitzea pentsatuta dute. Pelikula honekin mustuko dituzte. 20 milioi euro gastatu ditu pelikula egiten. Gainera, beste jeke batek ekoizpen etxe bat oparitu dio bere semeari. Hemengoak baino askoz hobea. Polizia erlijiodunari, orain arte izugarrizko boterea zuena, boterea kendu dio eta modernizatzeko hartu dituzten neurrien kontra dauden guztiak atxilotu ditu. Ritz hotelean ditu, baina atxilotuta daude. Herrialdean iraganean bezala bizi da. Dena erlijioaren inguruan mugitzen da. Korana besterik ez dute irakurtzen. Emakumea esklabu bihurtuta dago, orain, dirudienez, gidatzeko baimena izango dute. Baina guztiz tapatuta doaz. Harrigarria da, benetan.

9. Non grabatu duzue?
Hiriko eskualde zahar batean grabatu dugu, Ibizara joaten den printze batek erreproduzitu duena. Hamar urte pasa du erreproduzitzen. Oso ongi gelditu zaie, adobezkoa da. Eta bertan grabatu dugu, gehien bat. Hiria, berez, oso modernoa da. Eraikinak kristalezkoak dira, forma arraroak dituzte...

10. Saudiekin harremana izan duzue? Nolakoa izan da?
Oso kuriosoa zen baina kaletik ez zegoen jenderik. Ez genuen ulertzen non sartzen ziren jendea. Bestela, herrietara joaten ginenean jendea oso abegitsua zen. Gainera, turismoa debekatuta dago eta ez daude mendebaldeko jendea ikustera ohituta. Hau da, herrialdean sartzeko bertako norbaiten gonbidapena behar duzu eta lanerako edo negozioetarako sar zaitezke, besterik ez. Beraz, ikusten zaituztenean tea, datilak...ematen dizkizute. Printzeak festa bat antolatu zigun eta arabiarren jantzia jarri genuen eta abar.

11. Zer nolako esperientzia izan da?
Aberasgarria izan da. Egia esan bertan bi hilabete egon ondoren, azkenengo asteetan itzultzeko gogoak nituen. Gainera, hemen ez dugu ezer entzun, baina Saudi Arabia eta Yemen gerran daude; eta Yemenek misil bat bota zuen eta aireportuan erori zela esan zuten. Saudi Arabiak erori aurretik ikusi zutela esan zuen. Dena dela, eztanda entzun genuen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak