guaixe.eus

“Haur baten erreferentea izatea oso polita da”

  Gizartea  Lakuntza

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Urretxindorra proiektuan hiru gazte lakuntzarrek parte hartzen dute. Hiru haurren mentoreak edo aholkulariak dira.

“Haur baten erreferentea izatea oso polita da”
Iker Arregi, Ane Bañasco eta Saioa Galartza. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urretxindorra proiektua duela sei urte jarri zuen martxan Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Proiektuan unibertsitateko ikasleek parte hartzen dute, eta gizarteratzeko edota jarrera arazoak dituzten haurrak laguntzea du helburu. “Haur baten mentoreak gara. Haien lagun bihurtzen gara”. Iruñean hasi ziren, baina Nafarroako hainbat herritara zabaldu da proiektua, baita Sakanara ere. Lakuntzan hiru gazte ari dira proiektuan parte hartzen: Iker Arregi, Saioa Galartza eta Ane Bañasco.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikaslea izatea, bigarren mailatik aurrera ikasten egotea eta gogoak izatea. Horiek dira Urretxindorra proiektuan parte hartzeko bete behar diren baldintzak, hiru lakuntzarrek azaldu dutenez. Arregi Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradua ikasten ari da, Galartza eta Bañascok Haur Hezkuntza gradua. Hirurak laugarren mailan daude. “Haurrekin gaudenez hezkuntza arlora bideratuta dagoela pentsa daiteke, baina edozein ikaslek parte har dezake”.

Erreferenteak
Ikastetxean jarrera arazoak dituzten haurrak, afektibitate falta dutenak, edota etxean arazoak dituztenak, “proiektuan parte hartzen duten haurren artean denetarik dago. Askok ez dute erreferente heldu bat”. Hortaz, gizarteratzeko zailtasunak dituzten haurrak dira, lakuntzarren kasuan Marokotik etorritako haurrak dira. Hamaika eta hamalau urte bitarte dituzte. Arregi, Galartza eta Bañascoren zeregina da haur hauek kalera ateratzea, norbaitekin denbora pasatu ahal izatea eta konfiantzazko pertsona bat izatea: “haien mundutik ateratzea”.

“Haur baten mentoreak gara. Haiekin ateratzen gara lagunik ez dutelako, koadrilarik ez dutelako. Beraz, gu haiekin ateratzen gara eta hainbat ekintza egiten ditugu”. Lakuntza ezagutzeko paseoak, frontoian jolastera joaten dira, lagunekin biltzen dira… Autoa hartzeko eta irteerak egiteko baimena dute, hortaz, Iruñera bolerara edo zinemara joan dira noizbait, baita Ziordiko kobazulora ere. Erreferente bat bihurtzen dira: “Haiek gustura sentitu behar dira”.

Hezkuntzatik haratago dagoen proiektu bat da. “Helburua ez da etxerako lanak egiten laguntzea edo ikasten dauden bitartean haiekin egotea. Haiekin denbora librea pasatzean datza proiektua. Etxetik ateratzea eta ongi pasatzea”. Hala ere, modu puntualetan etxerako lanak egiten laguntzen diete, haiek eskatzen badute. “Baina badakite ez gaudela horretarako, fabore moduan eskatzen badigute laguntzen diegu”. Lagunak dira, ez irakasleak. Gainera, euskaraz hitz egiten dute. “Gurekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartu dute. Agian lagunekin gaztelaniaz ari dira eta gurekin hitz egitera etortzen direnean euskarara aldatzen dira”.

Urretxindorra proiektua Lakuntzan
Iruñetik Lakuntzara zabaldu da Urretxindorra proiektua, baita Nafarroako hainbat herrietara ere. Txingurriye ekimenari esker iritsi da Nafarroako Unibertsitate Publikoko proiektua Sakanara. Txingurriye Lakuntzako etorkinak hezkuntza arloan laguntzeko proiektu bat da. Bi proiektuak harremanetan jarri ziren eta Urretxindorra proiektuan parte hartzeko aukera azaldu zen. Haurrak baziren, baina mentoreak behar ziren. Ane izan zen urratsa eman zuena: “Irakasle batek galdetu zidan ea interesa nuen, eta mentore gehiago behar zirela. Saioan pentsatu nuen Haur Hezkuntzako ikaslea zelako ere eta haurrekin zerikusia duenez bideratuago dagoelako. Hitz egin genuen eta Ikerrek ongi eramango zuela pentsatu genuen”. “Ez du enpresarekin zerikusirik, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan”. Iker Arregiren hitzak dira, izan ere, hezkuntza arlotik urrun dagoen ikasketak egiten ari da. “Gogoak izan behar dituzu”.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikaslea izatea, bigarren mailatik aurrera egotea eta ikastaro bat egitea dira eskatzen diren baldintzak. Aurretik mentoreak izan daitezkeen edo ez jakiteko elkarrizketa bat pasa behar dute. Hamabost mentore daude aurten Nafarroan. “Kupoa dago, baina normalean ez dago parte hartzeko arazorik”.

Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko eta mentoreen lana nola doan jakiteko aplikazio bat erabili behar dute. Nafarroan lehen aldiz erabiltzen ari dira aplikazioa. Bertan, haurrekin elkartzen diren bakoitzean zer egin duten, nola sentitu diren, eta zerbait berezia gertatu den jarri behar dute. “Proiektuak ematen duena ezagutzeko da, gehienbat. Gure beharrak ezagutzeko eta gu laguntzeko modu bat. Noizbait zuzendariak deitzen digu, baina ez dago inor gure atzean”. Antolatzen dituzten jarduerak baita irteerak ere haien esku daude. Urretxindorra proiektuan lastailean hasi ziren eta maiatza arte parte hartuko dute. Astean bi edo hiru orduz bildu behar dira haurrekin, gehienetan asteburuetan.




Garapena

“Hasieran oso isilak ziren eta seiak gelditzen ginen jende gehiagoren artean egoteko. Baina denborarekin konfiantza hartu dute eta gauzak kontatzen dizkizute: familiako gauzak, lagunekin nola egon diren…”. Aurrerapausoak eman diren arren oraindik geratzen dela aitortu dute Lakuntzako mentoreek.

Haurrendako ez ezik, mentoreendako esperientzia “oso polita” dela diote. “Beste kultura batekoak direnez kultura hori ezagutzeko aukera eman digu: zer nolako harremanak dituzten”. Hala ere, ulertzen dute ez dutela hemengo kulturan sartu behar, baizik eta bere kultura ulertu behar dutela. Enpatia ere landu dute. “Bere lekuan jartzen zara, izan ere, beste herrialde batean jaio da eta hona etorri behar izatea bortitza izan da haiendako. Bere lekuan jartzea eta zaila izan dela ikustea…”

Esperientziari esker aurreiritziak alde batera utzi dituzte. “Pertsona bat ezagutzen duzunean konturatzen zara gauza asko ditugula komunean eta elkarrekin ongi pasatzen duzula. Gauzak kontatzen dizkizu: gaur gaizki nago hau pasatu zaidalako eta kontatu nahi nizun…” Konfiantzazko harremanak sortzen dira. “Norbaiten erreferentea zu izatea oso polita da”.

Lakuntzatik Sakana osora
Urretxindorra proiektua Sakanako beste herrietara zabaltzeko aukera dagoela uste dute Lakuntzako hiru mentoreek. “Nahi izatea da gakoa”. Edozein herrikoek parte hartu nahi badute, proiektuaren zuzendariarekin harremanetan jarri baino ez dutela uste dute.

Hainbat erkidegoetan antolatzen dute Urretxindorra proiektua; hala ere, Nafarroako mentoreek ez dute harremana haiekin. Proiektuan parte hartzeagatik hiru kreditu lortzeko aukera badute ere, azaldu dutenez inork ez ditu eskatzen. Jarduerak antolatu ahal izateko eta bidaiak egin ahal izateko diru-laguntza jasotzen dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak