guaixe.eus

Auzolana bere osotasunean

  Gizartea  Ziordia

Aman Komunak sarea Ziordiko Amarauna gune autogestionatuan bildu da asteburuan

Euskal Herrian autogestioa ardatz duten hamaika kolektibok Aman Komunak sarea sortu dute. Aman Komunak sarea “era asanblearioan eta autogestioa ardatz hartuta biltzen duen Euskal Herriko kolektiboak da”, sareko partaideen hitzetan. Lehenengo topaketa Errekaleorren egin zuten, bigarrena Tosun, eta hirugarrena Ziordian izan zen asteburuan, “Lurra eta Askatasuna” topaketetan.

ZADeko esperientziatik abiatuta Euskal Herrian autogestioa ardatz duten kolektiboak biltzea erabaki zuten. “Lehenengo urratsak” ematen ari dira: taldeari forma ematen, batzordeak osatzen eta sarea eraikitzen. Ziordikoa hirugarren topaketa handia zen, eta Sakanako herrian biltzearena saretik sortutako proposamena bat izan zen: “azpiegituren aldetik egokia da jende asko bildu daitekeelako, gainera hainbat behar genituen, auzolanarekin gainditu ditugunak”.

Auzolana da Aman Komunak sareko ildoetako bat. Teoriatik praktikara joan nahi dute, “ez dugu teorizatzen duen kolektibo bat izan nahi, horregatik gure topaketetan auzolana txertatzea ezinbestekoa ikusten dugu”. Topaketak egiten diren lekuetako kolektiboek sareko laguntza jasotzen dute haien proiektuak aurrera eramateko. Gainera, auzolanaren bitartez “hobeto ezagutzen dugu elkar, zerbait elkarbanatzen dugu. Konturatu gara nahiz eta hizkuntza desberdinak hitz egin, auzolanaren bitartez gure hartu emanak indartzen direla, hizkuntzaren gainetik”.

Asteburuko auzolana

Aman Komunak sareko topaketa larunbatean hasi zen auzolanarekin. Amarauna gune autogestionatuak zituen hainbat behar bete dituztela azaldu dute, kolektibo batentzat lan handia zena, berrogei bat pertsonen artean osatu dutelako. Egin diren lanen artean kanpoaldea txukundu, zuhaitzak kimatu eta udaberrirako prestatu izan da. Barrualdean, aldiz, kaperako zorua konpondu dute aldarearen zegoen lekuan porlana jarri, eta logelak antolatu dituzte. Doako denda bat jarri dute ere, eta kutxetan zegoen arropa txukundu dute.

“Zaila izan da guretako, izanen ginenen aurreikuspenik ez genuelako”. Berrogei pertsona bildu ziren auzolanean eta berrogeita hamar inguru igandean egin zuten asanbladan. “Lanak identifikatu genituen eta horren arabera taldeak egin genituen. Talde bakoitzean arduradun bat zegoen. Azkenean, patxadaz aritu gara lanean”.

Asanbladan erabaki zuten hurrengo topaketa Añorgan izango dela, Belartzan. “Merkataritza gune erraldoi bat egin nahi dute. Eskualde hori nekazaritza gune bat da, baserriz inguratuta. Aman Komunak sarean parte hartzen duen kide bat bizi da han, eta bertan egoteko beharra ikusi dugu”. Hala ere, hainbat erronka gainditu beharko dituzte: “azpiegitura aldetik Ziordian izan duguna ez dut uste inon aurkituko dugunik”.

Aman Komunak sarea hasiberria den arren, aurrerapausoak ematen ari direla esan dute Sakanako parte-hartzaileek. “Batzordeak indartu dira, helburuak zehaztu dira eta aurrera begira egiteko lana badugu”. Lau batzorde sortu dira: auzolana, komunikazioa, Euskal Herrian dauden proiektu autogestionatuak zehazteko mapa bat sortzea eta Aske guneen defentsarako batzordean, nahiz eta, “proposamen bat izan da, beharrezkoa ikusi dugu, baina hor geratu da”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak