guaixe.eus

"Gure hizkuntza, ohitura eta sustraiekin bukatu nahi dute”

  Gizartea  Sakana

Rif herrialdean herritarren mugimendua altxatu da giza eskubideak eta hobekuntzak eskatuz. Marokoko erreinuak mugimendua zapaltzen saiatu da, baina diaspora ez da geldirik gelditu. Elkartu dira eta urrun egon arren herrialdearen eskubideen alde borrokatuko dute. Irurtzunen hainbat bilera egin dituzte egoera aztertzeko eta hurrengo urratsak erabakitzeko. Esaterako, martxoaren 31an Parisera joango dira manifestazio erraldoia egiteko.

berria.eusRif Afrika iparraldean dagoen herrialdea da. Iparraldean Mediterraneo itsasoa du, eta hegoaldean Maroko. Kolonizatutako herrialdea izan da historian zehar, aldiz, riftarrak “harrotasunez” borrokatu dute: “riftarrak edozein kolonizazio edo boterearen aurka egon gara. Oso harroak gara, eta ez dugu burua makurtzen. Eta, horregatik, ere izan gara zapalduak”. Rif “estatu independentea” izan dela esan dute, haien lege eta ohiturak dituena, “horrek gobernu zentralarekin etengabeko liskarrak sortu ditu”. Izatez errepublikazaleak dira, eta berezko hizkuntza dute: amazigh edo riftarra. Berebereak dira.

Herri umila da, pobrea. Herritarren mugimenduaren eskakizunen artean oinarrizko eskubide eta baliabideak daude: ospitalea, unibertsitatea eta errepideak, besteak beste. Gaur egun militarizatutako herrialdea dela salatu dute diasporako riftarrak, “nahiz eta beti horrela izan den”. Hala ere, azkenaldian kontrola areagotu dela esan dute. “Amorruz ikusten dugu gertatzen ari dena. Ezin dira kalera atera, ezin dute eskuetan telefonoa eraman, ezin dira bost edo sei pertsona batera egon”. Bertan bizi diren senideak ez joateko aholkatzen diete. Hala ere, mobilizazioetan parte hartu dute.

Zapalkuntza
“Errepublika izan zen ere Rif”. Herrialde zapaldua izan da Rif, hala ere, tribuak elkartu ziren eta herritarren aldetik sortutako mugimenduari esker 1920ko hamarkadan Errepublika aldarrikatu zuen AbdelKrimek, eta gaur egun haren irudia inoiz baino gehiago aldarrikatzen dute. “Hamaika eskaera egiten zituen Abdelkrimenek, besterik ez”. Baina, garaiko potentzia handiek ezin zuten onartu Afrika iparraldean Errepublika independente bat egotea “beste herrialdeak jarraitzeko beldur ziren eta”. Espainia, Frantzia eta Maroko batu ziren Errepublikarekin amaitzeko. Horretarako arma kimikoak erabili zituzten.

Arma kimikoak herritarren gainean bota zituzten, diasporako herritar mugimenduaren kide direnen esanetan. “Baserritarrak ziren, herritarrak. Gainera, gutxi ziren. Ez ziren milioi bat pertsona”. Garai horretan egindakoa ondorioak ditu gaur egun: Marokoko minbizia kasuen % 80 Rifen daude.
Hortaz, ospitale onkologikoa da herritarren mugimenduaren eskakizunetako bat. “Marokoko minbizia kasu gehienak daude Rifen, eta, aldiz, ez dago ospitale bat”. Gaixoak Rabatera joan behar dira gaixotasuna tratatzera. “Ahal dutenak, ongi, baina gehienek ez dute Rabateraino joateko aukera”.

Espainiako kolonia izan zen 1956 urtera arte. Ondoren, Marokoarrak iritsi zirela azaldu dute. “Baina herritarrek ez zituzten nahi. Riftarrek amazigh eta gaztelania hitz egiten zuten Espainiako kolonia izan zelako. Ohitura eta legea propioak zituzten; marokoarrak, aldiz, frantsesa eta arabiar dialektoa hitz egiten dute”. Marokoko funtzionarioak, irakasleak eta militarrak eraman zituzten Rifera. “Gure hizkuntza desagertzea nahi dute, gure ohiturekin eta gure sustraiekin amaitu”.

Borroka
Historian zehar jasan dituzten zapalkuntzen aurrean borrokatu dute. Gaur egun, Marokoko erreinuak Rifekiko duen jarreraren aurrean altxatu dira. “Ito nahi gaitu. Rifen ez dago ezer: ez lanik, ez baliabiderik, ezta azpiegiturarik ere. Enpresa bat ireki nahi baduzu ezetz esaten dizute, Marokoko beste alde batean egiteko”. Egun, diasporan bizi diren lau milioi pertsonei esker “bizirauten” dutela salatu dute. “Egoera jasangaitza da”.

2016an izandako gazte baten heriotzak piztu zituen mobilizazioak. Mohssine Fikri arrantzalea zen eta zabor kamioi batera bere merkantzia bota zuten, hura berreskuratzerakoan zanpatuta hil zuten. “Ez zuen kaiko autoritatearen eroskeria onartu. Poliziak atxilotu zuen eta bere zama guztia txikitu zuten”. Hortaz, hasierako mobilizazioak ikerketa bat eskatzeko egin ziren. Ondoren, herrialdeak bizi duen zapalkuntzaren aurrean ahotsa altxatzen hasi ziren.

Herritarrek eskubideak eta baliabideen hobekuntzak eskatzen hasi ziren. Elkartu ziren eta kalera atera ziren. Hirak deitutako herritarren mugimendua sortu zen. Nasser Zefzati da mugimenduaren burua: “herritik sortutako buru bat atera zen, jakintsua, eta herrialdeak behar zuena eskatzen hasi zen, besterik ez. Separatistak garela esaten dute, baina mugimenduak ez du independentzia ere eskatzen. Eskubideak eskatzen ditugu”. Nahiz eta izatez errepublikazaleak eta independentziaren aldekoak izan, une honetan riftarrak oinarrizko eskubideak eskatzen dituzte. “Separatistak garela esaten dute mugimendua gaitzesteko”. “Bakea” da mugimenduaren leloa.

Zefzati atxilotu zuten, baita berrogeita hamar pertsona baino gehiago ere; hiru egunetan hogei pertsona atxilotu dituzte. “Zefzati hamaika hilabete darama espetxean, ziega batean bakarrik. Hamabost egun egotea baino ez denean legezkoa”. Gainera, presoak Casablancan daude eta familiek 1.000 kilometro baino gehiago egin behar dituzte bisita bat egiteko. “Iristen direnean esaten diete ezin dutela bisita egin, haiek horrela erabaki dutelako”. Bizi osorako kartzela zigorrak eskatzen diete erreinuaren batasunaren kontra egoteagatik; Polisarioak, Aljeriak edo diasporak bidalitako diruarekin finantzatzeagatik… “edozein salaketa ateratzen dute”.

“Marokoko alderdi politikoak boterearen eskuetan daude, eta boterea Mohamed VI.a, erregea, da. Beraz, edozer gauza erregearen eskuetatik pasa behar da”. Zefzatik ez zuen alderdi politikoekin elkartu nahi “mafiak eta ustelak direlako”, eta horregatik atxilotu zutela salatu dute. “Erregea gurekin elkartzeko hainbat aukera izan ditu, eta, behintzat, eskakizunen bat onartu. Baina ez du nahi izan”.

Eskakizunak
Aire zabalean dagoen “bunker” bat dela diote diasporan daudenak. “Dena militarra da. Ezin zara kalera atera. Edozein gauzagatik atxilotzen zaituzte”. Atxilotzeekin mugimendua zapaldu nahi izan dutela diote, herritarrak isilarazi. “Alhucemas ari gara, gutxi gora behera hiriburua dena, baina hutsik dago. Inguruko herritarrak beldurrarekin bizi dira”. Hala ere, mobilizazioak ez dira eten.
Herrialdean giza eskubideak bete ditzaten eta beste hainbat “oinarrizko” baldintzak eskatzen ditu Hirak Rifeko Herritarren Mugimenduak. “Hogei bat puntu eskatzen dituzte”. Besteak beste, ospitale onkologikoa, lana, enpresak sortu ahal izatea, unibertsitatea… Gainera, mobilizazioetan atxilotutako presoak kaleratzea eskatzen dute ere.

“Oraintxe bertan ez dago ezer. Gu han jaio gara, han bizi izan gara. Ez dago ezer. Gazteak ikasten hasten dira karrera bat ateratzeko, baino ez dute etorkizunik. Ez dago etorkizunik”. Nahita egiten dutela esaten dute. “Bizirauten dute”. Alde egin dutenak “behartuta” atera direla esan dute: “hori nahi dute. Atea irekitzen dizute, eta atea itsasoa da. Zenbat jende hil da itsasoan? Ez dakit zenbat… Baina nahita egiten dute. Horrela guk alde egiten dugu eta haiek haien jendea sartzen dute”. Interes handiko lurraldea dela diote fosfatoa dagoelako eta Afrikako muga delako. Kolonizazio modernoa da.

Giza eskubideak
Marokon gertatzen den edozein gatazkaren aurrean Rifek “ordaintzen” duela salatu dute. “Esaterako, 1975ean Espainia Mendebaldeko Saharatik joan zenean, Maroko militarki indartu zen. Eta hori herritarrek ordaindu zuten, pobreek; elikagaiak oso garestiak ziren. Maroko osoan mobilizazioak izan ziren. Baina Rifen izan ziren hildako gehien”. Riftarrendako lehenengoa pertsona da, haren duintasuna, harroak dira. “Ez dira erregearen aurrean makurtzen. Beste lekuetan gora erregea esaten pasatzen dute bizia, edo Mezkitetan jainkoaz hitz egin beharrean erregeaz hitz egiten dute. Birus antzeko bat sartzen diete gizartea lokartzeko, ahotsa ez altxatzeko. Isiltzeko”.

“Demokratikoak deitzen diren herrialdeek zeharkako moduan Marokoko erreinuari laguntzen diote. Maroko Frantziaren eskuetan dago. Eta Europa beste alde batera begiratzeak dezepzionatzen gaitu”. Europar Batasunak Rifek bizi duen egoeraren aurrean zerbait esan beharko lukeela diote diasporakoek. “Ezin da isilik gelditu. Pertsonak kontuan izan behar dituzte”.

Urrunean gertu
Une honetan diaspora da aukera bakarra. Rifen egiten diren mobilizazioak modu bortitzean eteten dituzte. Herritarrak espetxeratuak eta torturatuak izaten dira. Herritarren mugimenduarekin amaitu nahi dute. “Badakigu zaila dela, baina saiatu behar gara. Ate guztietara deitu behar dugu, ea behintzat leiho bat irekitzen den”.

Herbereetako berdeen alderdi politikoaren bidez Europako Parlamentuan egon ziren Europako riftarrak. Hemen, Eusko Jaurlaritzan Rifeko egoeraz eta Marokoko zapalkuntzarekin amaitzeko deklarazio bat onartu zuten. Riftarrak bilerak egiten dituzte, azkenekoa Irurtzunen egin zuten martxoaren 18an. Bilera horietan Rifeko egoeraz eztabaidatzen dute eta hurrengo urratsak antolatzen dituzte. Besteak beste, hitzaldiak antolatu dituzte eta martxoaren 31an Parisera joango dira. Bertan diasporako herritarrak elkartuko dira egoera salatzeko eta Rifen giza eskubideak, beste behin, aldarrikatzeko. “Europa osoko riftarrak elkartu gara, eta ez gara geldirik geratuko”.

Alderdi politikoekin elkartu dira ere. Politikariekin izandako bilerak “gazi-goxoak” izan direla diote. Interesagatik mugitzen direla salatu dute: “ikusten badute bozkak atera daitezkeela hortik interes handiarekin hartzen dute. Bestela, kasua begiratuko dutela esaten dizute eta kaxoi batean gordetzen dute”. Hainbatetan desengainatuta gelditu dira. Hala ere, bilerak eta mobilizazioak egiten jarraituko dute.

Errefuxiatuak
“Ez gara etorkinak. Erbesteratutakoak gara, errefuxiatuak. Hitz egiten duzunean ez zaituzte hitz egiten uzten, eskubideak eskatzen dituzuenean ez dizute eskubideak eskatzen uzten. Ez dago lanik eta ez dute lana sortzeko ezer egiten. Baztertzen zaituzte, eta espetxeratzen zaituzte”. Rif iparraldean dago, alde batean itsasoa du eta beste aldean “Maroko presioa egiten”. Aire librean dagoen “espetxe” bat dela salatzen dute. “Ezin aurrera ez atzera joan”. Europan lau milioi riftar daude. “Mila edo bi mila pertsona izan zitekeen. Baina lau milioi gara. Zerbaitengatik da”. Herrialdea utzi dute bertan bizitzea “ezinezkoa” delako. Europarrak sentitzen dira ere, ondorioz, Europar Batasunak “zerbait” egin behar duela uste dute. “Guk zergak ordaintzen ditugu, hemen lan egiten dugu, hemengo herritarrak gara. Entzun behar gaituzte eta, behintzat, Marokori giza eskubideak betetzeko eskatu”.

Urruti egon arren beldurra dute. Ez bakarrik Rifera itzultzeko beldurra. Bertan hainbat mobilizazioetan parte hartu dute, nahiz eta senideak ez joateko esan. “Baina joan behar gara”. Gainera, Maroko “edozein gauza egiteko kapaza” ikusten dute. “Marokoko inteligentzia zerbitzua Europan dago. Ez dugu esango beldurra dugunik, baina hori argi izan behar dugu”.

Hortaz, asilo politikoa eskatu duten hainbat riftar Melillako etorkinen zentro itxietan daramatzate hainbat hilabetez. “Dokumentu guztiak entregatzen dituzte, eta, hala ere, ez dute haien egoera konpontzen”. Asilo politikoa lortzen dutenak eta Europara iristen direnak, aldiz, ez dute egoera hobeagorik jasaten: “edozein aitzakia ateratzen dute gure jendea atxilotzeko: droga ekartzen duela, lapurtu duela… baina horren atzea riftarrak direla dago”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak