Etxerat, hamabost urteko ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2016ko api. 8a, 08:00

15 urte luzeren ondoren, denak berdin jarraitzen duela esan genezake. Baina ez litzateke errealitatearekin bat etorriko, eta horrela jaso dugu urteko balantzean. Gure egoera berdina da, hori egia da. Guretzat ez da ezer aldatu, ez duela 15 urtetik, ez duela bost urtetik. Urteen poderioz, bere karga biderkatzen duten salbuespeneko kartzela politika baten ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoen helburua izaten jarraitzen dugu.

Eta beste behin esango dugu: ondorioak lazgarriak dira. Badakigu, bestela ere, egungo kartzela politikaren defendatzaileen geldialdiak ez duela bere amaiera erraz jarriko, dituen ondorioak dituela ere, edo bereziki horregatik. Baina gainontzeko euskal gizartea bezala, pertsona guztien giza eskubideen errespetua defendatzen duten indar politikoen borondate eta agendan, dispertsioaren arbuioak espazioa berreskuratzera igaro dela ohartu gara.

Onartzen dugun ardura ariketa bat ere bada: dispertsioaren amaiera exijitzen dugu euskal preso politikoen senide eta lagun gisa; dispertsioaren amaiera exijitzen dugu bere ondorioak pairatzen ditugun pertsona gisa; eta dispertsioaren amaiera exijitzen dugu bake eszenatoki bat izateko euren eskubidea erreklamatzen duten herritar gisa.

Datozen hilabeteetan, gure lana alde batetik, senideei eta lagunei zuzendua izango da. Gure esku dagoen guztia egingo dugu zailtasunengatik edo denon artean konpondu ditzakegun arrazoiak medio, vis a vis bat edo bisita bat inork galdu ez dezan. Ezartzen dizkiguten egun eta ordutegietan bidaiatzeko zailtasunak asko dira, eta gure aukerak murritzak, baina elkartasunean eta denen artean zailtasun hauek gainditzeko osatu dezakegun sarean konfiantza jarria dugu. Eta beste behin gogorarazten dugu: bidaiatzeko erabakia gurea da, erantzukizuna ez, ordea.

Bestetik, gizartea informatzen jarraituko dugu giza eskubideen urraketen berri emanez, hauek salatuz eta eragile eta organismoekin lan eginez, bai nazio mailan bai nazioartekoan. Zentzu horretan, gure esku dauden komunikazio kanal guztiak irekiak izango ditugu: ez gara gu izango ateak ixten dituztenak.
Amaitzeko, dispertsio politikak sortu eta sortzen jarraitzen duen sufrimenduaren aitortza aldarrikatzen jarraituko dugu, eta bereziki, hildako 16 biktimena. Arrisku bat hartzera derrigortuak izan ziren hamasei pertsona. Egia, justizia eta oroimenaren bidean, haien izenak eta egoera aldarrikatu behar ditugu.