Nafarroako Gobernuak erabakitzeke dituen gaiak

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2016ko urt. 22a, 08:00

2012. urtean CNCk (Lehiakortasunerako Nazio Batzordeak) frogatutzat eman zituen Cementos Portland Valderrivasek lehiakortasun librearen kontra burututako praktika kartelistak. Garai hartan balioztatu zenaren arabera, salneurrien moldaketa artifizialetan eta merkatuen banaketa adostuan oinarritutako praktika hauek, diru-kutxa publikoari, legez kanpoko bideak erabiliz, 100 bat milioi euroren galera ekarri zion. Nafarroako aurreko legealdiko parlamentuak 2012ko maiatzaren 11ko saioan aztertu zuen gai hau, eta bertan, Nabai, Bildu eta I-E taldeek, herritarrak jasaten ari ziren lapurreta honetatik babesteko, afera honetan nahasia zeuden enpresen kontra legezko akzioak abian jartzea eskatu zuten. Bestelakoa izan zen orduan gobernuan zeuden UPN eta PSN taldeen iritzia, PPk ere onetsia, eta CNCren ebazpenaren kontra helegitea jarrita zegoela argudiatu zuten.

Auzitegi Nazionalak, 2013ko abenduaren 27an emandako epaian, atzera bota zuen Portlanden helegitea eta banan-banan berretsi zituen zementugileei leporatutako iruzur guztiak. Epai hori Auzitegi Gorenaren aurrean apelatzeko modua zegoen.

Hala eta guztiz ere, eta aldi berean, aurreko Nafarroako Gobernuak 2012ko garagarrilaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Portlandekin. Hitzarmen horren bidez Portlandek Nafarroako hondakinen kudeaketan laguntza emango zuen bere instalazioak hondakinak errausteko eskainiz, eta Nafarroako Gobernuak aldiz, “koordinazioa” eskaintzen zuen hitzarmenaren helburuak bete zitezen, besteak beste, batez ere Nafarroan sortutako hondakinak erraustu eta hondakinekin sortutako “erregaiak” ekoizteko bideak inplementatu, gero horiek zementu-fabrikan erre ahal izateko.

Ongi legoke Nafarroako Gobernu berriak Portlandekin loturiko gai hauek denak eta beren egoera juridikoa sakonki aztertzea.

http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/