Gaztetxokoa + Gaztegunea= INTXOSTIAPUNTA

Erabiltzailearen aurpegia Intxostiapunta gaztegunea 2016ko urr. 7a, 10:40

kolaboratzaileak

Lehenik eta behin, Altsasuko Gazteria Zerbitzua osatzen dugun eragile guztiek –talde politikoen ordezkariek, teknikariak, monitoreek eta gazteek– Guaixeri eskerrak eman nahi dizkiogu bere hedabidean parte hartzeko aukera eman izateanagatik. Izan ere, espazio honek gazteen arteko bilgunea izan nahi du, eztabaida-lekua. Eta, bide batez, irakurle guztiek gure berri ezagutzizateko aukera izango dute. Era berean, guk geure informazioa, jarduerak, iradokizunak eta zergatik ez, gure zalantzak, arazoak eta abar partekatzeko aukera izango dugu.

Gure lehen txanda denez, idazki honetan nor garen, zer egiten dugun, gure eginkizunak norengana bideratuta dauden, noiz diren eta zein motatako gaiak jorratzen ditugun aipatu nahi dugu. Intxostiapunta Altsasuko Udal Gazteria Zerbitzua da. Gure lana gazteriari, 12 eta 30 urte bitarteko pertsonei bideratuta dago. Adin tarte hau oso zabala denez, bi eremutan bereizi dugu zerbitzua. Alde batetik, gazte-txokoa dago, 12 eta 17 urte bitartekoendako. Nerabezaroko zerbitzua da. Bestetik, gaztegunea dugu, 18 eta 30 urte bitarteko gazteendako.

Gure eginkizuna, zentzu zabalean, gazteriari aisialdian interesatzen zaion edozein ekintza kudeatzea dela esan dezakegu. Horregatik, ikastaro hezigarriak, tailerrak, lehiaketak, irteerak… antolatzen ditugu eta informazioa zein aholkularitza ere ematen diegu gazteei Gazte Informazio Gunean.

Intxostiapuntan aurkituko duzuenaren artean ondokoak daude: sukalde bat, afariak zein meriendak prestatzeko; ziber gela, ordenagailuekin; musika entsegu gelak; ikasteko gelak; lagunen arteko bilerak egiteko gelak eta hainbat ekipamendu: ping ponga, futbolina, billarra, play station 4, proiektorea, mahai jolasak… Dena doakoa.

Informazio gehiago nahi baduzu, jakin ezazu Intxostiapuntak ez duela urtean zehar ixten eta ondoko ordutegia duela: goizez, 7:30etik 15:00etara, eta arratsaldez, astelehenetik ostegunera eta igandetan eta jai egunetan 17:00etatik 21:00etara, ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara eta ekintza berezietan 17:00etatik 01:00etara. Gurekin harremanetan jartzeko ondoko bideak dituzue: intxostiapunta@altsasu.net, gazteria@altsasu.net, 948 564 785, 608 617 778 (WhatsApp), Facebook, Twitter eta Instagram.

Zuen etxea izango delakoan………itxaroten zaituztegu!

Altsasuko Gazteria Zerbitzua