Elikadura zahartze prozesuan

Erabiltzailearen aurpegia Clínica Josefina Arregui 2015ko abe. 18a, 08:00

Egiaztatu da nagusien osasuna, autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko nahitaezkoa dela elikatze egoki bati eustea. Helburu hau ez bada lortzen, pisua galtzea, elikadura gabeziak eta malnutrizioa azaltzen dira. Ezgaitasunik gabeko zahartze prozesu bat lortzeko eragin handienetakoa duten bi jarduerak ondokoak dira: ariketa fisikoa eta elikadura.

Janariak bere itxuragatik, zaporeagatik, usainagatik eta testuragatik gogobetetzen gaitu. Sentsazio hauek adinean gora goazela aldatzen doaz. Zapore gozo, mikatz eta gaziak intentsitate txikiagoarekin sumatzen ditugu; gozoa da intentsitate gutxien galtzen duena, gazia gehien galtzen duena. Usaintzeko gaitasunak ere behera egiten du, eta hau izan daiteke jakiengatik interesa galtzearen beste arrazoietako bat.

Hortz piezak faltan izateak, gaizki egokitutako protesiek edo aho eta hortzen higiene txarrak jaterakoan arazoak sortzen dituzte. Ikusmena galtzeak, jakiak irensteko gaitasunaren aldaketak edo mugitze arazoek pisu galtzea bultzatu dezakete, nahiz eta jateko gogoa galduta ez izan.

Jateko gogoa galtzeak arrazoi askorekin dauka zerikusia, hala nola, 4 botika baino gehiago hartzearekin, edo gatza eta gantza gutxitzeak sortu dezakeen jakienganako monotonia eta desinteresarekin. Dementzia daukaten pertsonak jaten ari direnean arreta galtzen dute, jaten ari denak daukan itxura, zaporea edo usaina sentitzeko arazoak dituzte, jakia ez dute jaki bezala igartzen. Jatearen beraren ekintza aurrera eramateko ere zailtasunak dituzte, eta batzuetan egiteari uko egiten diote. Depresioa, antsietatea edo gaixotasun psikiatrikoak dituztenek gaixotasunek berak jatean eragiten dituzten aldaketak pairatzen dituzte.

Gizartearengandik isolatzeak, gertuko senideen galerek (janaria prestatzen duena bada, are gehiago), arazo ekonomikoek, jakiak erosteko zailtasunek, etxe aldaketek eta bizikidetza arazoek elikadura txar bat eragin dezakete.