Japoniako tabernak

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2015ko urr. 23a, 08:00

Japoniako gizartea gure gizartearekiko oso ezberdina dela askotan esan dugu. Berez, arraroak direla diogu oso maiz, baina arraroak baino gehiago ezberdinak direla esatea zuzenagoa da. Zenbait arlotan zaletasun bereziak dituzte, taberna eta jatetxeetan ere.

Lehenik eta behin, jakin ezazue, ez dela ohikoa taberna bakunak aurkitzea Japonian. Edatea, normalean, beste ekintza batekin lotzen dute kafetegi edo tabernetan. Janaria izaten da askotan edariarekin duten lotura, eta orduan, gure burura jatetxe hitza datorkigu. Bestetan, filia oso zehatz bat da lotura, eta hauek bai gure gizartean aurkitzea oso zaila dela.

Guretako ezagunena abesteko nahia da, eta horretarako, karaokeak dituzte. Oso abeslari txarrak izan arren, gustura aritzen dira lagunekin abesten, normalean karaokeetako gela pribatuetan, edaten duten bitartean.

Beste zaletasun berezi bat, animaliekin jolasteko nahia izaten da. Hau ulertzeko, jakin ezazue Japonian ez dela ohikoa etxebizitza propioa izatea, eta asko bakarrik eta pisu alokatu txikitan bizi direla. Eta oso arrunta da ere pisu hauetan animaliak izatea guztiz debekatuta egotea. Hortaz, jendeak animaliekin jolasteko nahia asetzeko, taberna mota ezberdinak daude.

Arruntena, katuekin jolasteko tabernak dira, neko cafe deiturikoak. Bertan katu ugari egoten da libre. Bezeroak mahai batean zerbait edaten du, katu bat beragana noiz etorriko den zain berarekin jolasteko. Katuen arreta bereganatzeko, tabernan bertan katu-janari eta jostailu ezberdinak saltzen zaizkie bezeroei, negozio borobila sortuz. Katuak alde batera utzita, animalia mota ezberdinak ere badaude beste antzeko lokal batzuetan. Txakurrak, untxiak, eta baita intsektuak, sugeak eta bestelako narrasti ez horren atseginak.

Esandakoa, pisu alokatuetan, askotan ezin lagunak eraman. Pisuak gela bakarrekoak izaten dira eta toki gutxi izatean ez da oso erosoa jendea biltzea. Gainera, Japoniako bulegoetan langileek ematen dituzten ordu mordoa dela eta, askotan ezin lagun berriak egin eta sozializatzeko beharra ere ase behar dute. Honetarako, taberna mota ezberdinak dituzte.

Zenbait negozio auzotan badaude tabernatxo txiki ugari, barra kaxkar bat besterik ez, non aulkian esertzeko ordaindu egin behar den. Edariak gainera garestiak dira, baina bezeroek (gizonezkoak denak) tabernarako lan egiten duten emakumeekin hitz egin dezakete. Solasaldia besterik ez, baina lanpostuetako estresak alde batera uzteko eta fantasiak elikatzeko oso aproposak dira. Emakumeei ere edariak ordaintzen dizkiete bezeroek edo opariak egin. Baina kontuz, askotan mafiek kontrolatzen dituzte toki hauek eta iruzur eginez behar baino diru gehiago ordaindu behar izatea ere gertatu ohi da. Horregatik, bezero dirudun askok, konfiantzazko tokitan, beraien aulkitxoa erreserbatuta daukate zenbait egunetan, beti ere neska berdinarekin hitz egiteko.

Honekin jarraituz eta ez horren ilun, badaude gazte koadrilei zuzendutako kafetegi batzuk, maid cafe izenekoak. Bertan, biktoriar estiloko janzkera duten neskatxa poxpolinak dira zerbitzariak, eta zurekin esertzen dira edaten duzun bitartean hitz egiteko, barre egiteko zure komeriekin edo nolabaiteko enpatia emateko. Haur giroan bezeroak murgiltzeko pentsatuak daude, beraien egin behar eta arazo guztiak ahazteko.

Jose Luis Asensio