Ramen

Erabiltzailearen aurpegia



Japoniar sukaldaritza klasikoari buruz ari garenean, sushia burura etortzea da ohizkoena. Baina jaki modernoei buruz ari garenean, ramen eta berehalako fideoei buruz hitz egitea beharrezkoa da.

Ez dakienarentzat, fideo lehor hauek, ur beroa eta fideoekin datozen zaporea ematen dioten hauts batzuk gehituta, bost minutuan jateko prest daude. Presaka dabilenarentzat edo beste gauza bat egiten duen bitartean tripa bete nahi duenarentzat oso egokiak. Eta alferrentzat noski.

Gaur egun, gure gizartera ere iritsi dira eta Dani Rovira jaten dituenaren plantak egiten ikus dezakegu telebistan. Baina orain dela zenbait urte, zaila zen antzekorik aurkitzen, eta komiki topaguneetan soilik zen posible, edo janari denda oso berezietan, Bartzelonan edo Madrilen. Komiki eta pelikula askotan gainera, protagonistak fideo hauek jaten agertzen ziren eta zaleentzat ez zen beste aitzakiaren beharrik haien bila joateko.

Jatorria, nahiko berezia dute. Asmatzailea, Momofuku Ando, Taiwanen jaio eta bigarren gerrate mundiala bukatu zenean, Japoniara joan zen bizitzera. Kartzelan ere egon zen, ehungintzaren inguruan zuen enpresarekin diru gestio arazoak izan ondoren. Kartzelatik ateratzean, janariaren arloan saiatu zen arrakasta izaten eta Estatu Batuek japoniar gizarteari inposatu nahi zion elikadurarekin ados ez egotean, fideo hauekin lanean buru belarri hasi zen. Froga asko egin ondoren, 1958. urtean sortu zituen lehenengo berehalako fideoak baina freskoak baino hiru aldiz garestiagoak ziren eta minutu bat egosi behar ziren uretan.

Hala ere, ez zuen amore eman, eta hamabi urte inguru pasa ondoren, fideoak poliestireno pote batean saltzea otu zitzaion. Bertsio honetan, zuzenean potea ireki eta barruan fideo lehorrak zeudela ur beroz bete ondoren, bost minutu nahikoa zen barrukoa xamur xamurra jateko. Sinpletasuna arrakasta bihurtu zen eta oso aberatsa egin zen Momofuku.

Hala ere, ez zen kasualitatea izan. Gaur egun, zapore guztietako fideoak saltzen dira, baina lehenengo bertsioa, oilasko zaporearekin egin zuen. Zergatik? Bazekielako munduko erlijio gehienek jaten zutelako oilaskoa, eta traba gutxiago izango zituelako saltzeko orduan.

Hala ere, ez pentsa jaki hau miragarria denik. Bitamina, zuntz eta mineral gutxi dauzka, eta hidrato asko, ordea. Hori gutxi balitz, glutamato monosodikoa eta koipe ugari ere gehitzen zaizkio. Askok, gizartearen ongizatearen maila neurtzeko balio dutela ere esaten dute, jendeak sukaldatzeko denborarik edo dirurik ez duenean fideo hauen kontsumoa ikaragarri igotzen delako, adibidez 1997ko Asiako krisian.

Dena dela, 2000. urtean Japonian egindako inkesta baten arabera, gizarteak fideo hauek XX. mendeko asmakizun onenetariko bat zela adierazi zuen, eta Momofukuk, ia egunero jaten zituela zioen eta 96 urte zituela hil egin zen. Nork daki.