“Munduak ematen dizu eskatzen duzun argazkia”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko abe. 11a, 08:05

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi: Argazkilaria.

1. Nola barneratu zinen argazkilaritzaren munduan?
Txiki txikitatik izan dut gustukoa argazkilaritza, hasieran ez nuen kamerarik baina aitarena hartzen nuen. Ondoren, nire izebak nire lehen kamera elektronikoa eman zidan eta arez geroztik leku guztietara eraman dut eskuan. Hasiera batean, lagunekin erabiltzen nuen, festetan, beti ni izaten nintzen argazkiak ateratzen zebilena. Geroxeago, argazki artistikoagoak ateratzen hasi nintzen, eta nire ustez pauso handiena izebak bere Reflex zaharra oparitu zidanean eman nuen. Hortik aurrera beste argazki mota batzuk atera ditzakezu, fokoa aldatu daiteke, eta beste aukera batzuk ematen dizkizu noski. Momentu hori niretzat oso garrantzitsua izan zen, argazkilaritza asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzelako. Irudia beti gustatu izan zait, batez ere zinema, txikitatik nire pasio handienetako izan da.

2. Zein da gustuko duzun argazkilaritza mota?
Alde horretatik, bilakaera nabaritu dut niregan. Hasiera batean paisaiak hartzen nituen bakarrik, leku ederrak, loreak, ez dut esanen hori erraza denik, baina azkenean, ez duzu baimenik eskatu behar orokorrean argazki horiek ateratzeko. Erretratu bat ateratzeko adibidez norbaiten baimena behar duzu, pertsona horrekin eseri eta argi mota bilatu, ezberdina da. Orain  gustukoen dudana bat-batekotasuna da, kalean joan, irudi bat ikusi eta hori hartzea izango litzateke. Ez duzu irudi bat bilatzen, bakarrik agertzen dira argazki horiek. Erretratuak ateratzea asko gustatzen zait, eta bilakaera batez ere jendeari baimena eskatzean nabaritu dut.

3. Etorkizunean argazkilaritza zure lanbide bihurtzea gustatuko litzaizuke?
Pila bat, hori oso ziur dudan zerbait da. Oso zaila da, argazkilari asko daude munduan. Interneten sartzen zarenean argazki ederrak egiten dituen jende asko topatzen duzu. Gaur egun gainera digitalizazioarekin, askoz ere argazki gehiago atera daitezke eta abantaila handia da hori. Argazkilari berrien aukerak gaur egun zailagoak dira, lehen askoz ere gutxiago ziren, baina egun ez da egoera bera. Jende askok izan dezake kamera bat, eta alde horretatik gauza asko aldatzen da. Hala ere, posible bada, mundu honetan aritzeko prest nago. Adibidez argazkilaritzaren inguruan master bat egiteko aukera badut, egin nahi dut. Eta bestela, pasio bezala gordeko dut.

4. Gaur egun ikaslea zara, zer ari zara ikasten?
Honekin harremana duen zerbait da, alde batetik, Ikusentzunezko Komunikazioa eta Hispaniar Filologia egiten ari naiz aldi berean. Ikasketak hasi nituenean ez nekien oso ongi non sartzen ari nintzen, banekien zinema oso gustuko nuela, eta horrek bultzatu ninduen pixka bat erabakia hartzera. Ateratzen ditudan argazki asko unibertsitateko lanetan erabiltzen ditut. Klasean egiten ditudan lanetan beti esan didate oso nabaria dela argazkiek duten garrantzia.

5. Zein izanen litzateke zure ametsetako argazkia?
Lekuak eskaintzen dizkizun aukerak probestu behar dira. Ez dut asko pentsatzen hartu nahi dudan argazkian, lekua bilatzen dut, baina gero han bertan ez dakit inoiz zer atera daitekeen. Munduko toki desberdinetako argazki oso politak ikusten ditut, eta horren bidez bidaiatzeko gogo handia sortzen zait, irudi bikainak hartu daitezkeelako. Azken finean, munduak ematen dizu eskatzen duzun argazkia.

6. Zuk ateratako argazki kuttunik baduzu?
Argazki asko daude oso gustuko ditudanak eta beste hainbeste gustatzen ez zaizkidanak. Zaila da bat aukeratzea, nire ordenagailuan milaka aurki ditzaket. Niretzako oso kuttuna den argazki bat joan den urtean New Yorken ateratako bat izan daiteke. Oso berezia izan zen une hura, momentu horretan askeago sentitzen hasi nintzelako erretratuak eskatzeko orduan. New Yorkeko Central Station geltoki ospetsuan izan zen, bertan beste garai batekoa zirudien gizon bat zegoen. Kamera zahar bat zuen eskuan, eta argazkiak ateratzen zituen diruaren truke eta negatibo zaharrak banatzen zituen. Berari begira ikusi ninduen eta orduan, posizio berezia hartu zuen eta irrifarre eginez argazkia ateratzeko baimena eman zidan. Argazki hori oso polita da baina batez ere une hori izan zen berezia.

7. Miresten duzun argazkilaririk?
Cartier Bresson argazkilaria oso ezaguna da, onenetarikoa eta berak batez ere asko jorratzen zuen bat-bateko argazkilaritza. Oso argazki bereziak dira, munduak eskainitakoak, magikoak alegia. Euskal Herrian argazki asko atera zituen, baina munduko beste leku batzuetan hartutakoak magikoak dira. Bere argazkietan, ezagutzen duzun leku bat, beste toki bat dirudi eta hori oso berezia iruditzen zait. Aurten ere Salgadori buruzko dokumental bat agertu zen eta bere lana ere oso gustuko dut.

8 Nolatan erabaki zenuen Guaixeko lehiaketan parte hartzea?
Nire amak bultzatu ninduen parte hartzera. Berak badaki egun osoa argazkiak ateratzen ibiltzen naizela eta animatu ninduen. Beti eramaten dut kameraren bat eskuan,txikitxo bat badaezpada, inoiz ez dakizu non aurkitu dezakezun irudia. Nire amak Guaixen irakurri zuen lehiaketarena, hori batetik, eta bestetik, sariak ere animatu ninduen eta azkenean parte hartzea erabaki nuen.

9. Zergatik aukeratu zenuen Miarritzeko hondartzako argazki irabazlea?
Lehenagotik atera nuen, amak lehiaketaren berri eman baino aste bat lehenago. Miarritzen geunden, ni nire kamerarekin, baina eguraldi oso txarra egiten zuen, euria eten gabe. Egun horretan egia esan ez nuen argazki oso onik hartzea espero. Hondartzan ibiltzen ari ginela, emakume bat ikusi nuen bertan, guardasola batekin irakurtzen ari zen. Irudia bitxia iruditu zitzaidan, Euskal Herriko udak badakigu batzuetan oso eguzkitsuak ez direla izaten, eta argazki horrek hori islatzen zuen.

10. Zer sentitu zenuen lehiaketa irabazi zenuenean?
Asko, asko poztu nintzen. Izugarrizko ilusioa egin zidan eta gainera ez nuen espero. Parte hartu eta gero ez nintzen oso adi ibili, eta bat-batean Guaixeko deia ikusi nuen lehiaketarena izan zitekeela pentsatu nuen. Alde batetik oso pozik jarri nintzen irabazi nuelako, eta beste alde batetik Turkiarako bidaiak poztasun handia eman zidan.

11. Nola bizi  duzu Turkiako bidaia?
Bizitzako esperientzia berezienetako bat izan da. Aste bat izan da eta kurtsoaren erdian, baina ezin hobea izan da bidaia.  Oso herrialde ezberdina da, kultura aldaketa handia ikusi dut, Islam kantuekin esnatzen zara eta joko handia ematen du horrek batez ere argazkiak ateratzeko. Aukera paregabea izan nuen kamerarekin dena berezia iruditzen zitzaidalako. Istanbulen bi egun eman genituen gure kasa eta xarma berezia izan zuten bi egun horiek, gutxienez bi mila argazki atera nituen azken bi egun horietan.