San Saastin 2016

Danbor hotsak aurrera darrai

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko urt. 19a, 19:12

Lakuntzan danborraren hotsak aspalditik dauka bere lekua, garai batean kristalezko botilak erabiltzen ziren ere, baina gaur egun soilik danbor soinua da nagusi. 26 urte etenik gabe, ilbeltzaren 20an gaueko 12etan jendetza biltzen da herriko plazan. Urtero moduan entseguekin aste osoan ibili dira. Eguna iristen denean, beste behin ere Lakuntzako Pertza elkartetik sukaldariz jantzita aterako dira, txano eta gerriko gorriarekin, horrela, herriko plazarako bidea eginen dute danborrarekin eskuan.

Danborrada bat egitearen ideia 1990. urtean sortu zen lagun koadrila baten inguruan. Asmo horrek forma hartu eta urte hartako San Saastin jaietan irten ziren lehen aldiz Lakuntzako kaleetan. Lehen urte hartan sekulako izotza bota omen zuen, baina eguraldi horrek ez zuen lakuntzarren nahia uxatu. Bakoitzak etxetik ahal zuena ekarri zuen, danborrak, tinbalak, kristalezko botilak, txirulak… denetarik aurkitu zitekeen lehen danborradan. San Saastin Martxa, esaterako, herriko akordeoilari batek mikrofonoaren laguntzaz jo zuen, horrela, musikaren doinuarekin herrian barna aritu ziren. Lehenengo urteetan kalejiran ibiltzen ziren Lakuntzako kaleetan, baina ilbeltzeko hotzak direla eta azkenean plazan soilik jotzea erabaki zuten. Horretaz aparte, ere hainbat pieza jotzen dituzte elkarteko atean, eguraldiak laguntzen duen bitartean.

Urtez urte San Saastinetako danborradan ez da inoiz jenderik falta izan. Hasierako urteetan ehun pertsonek parte hartu zuten, geroxeago, urteen poderioz, kopuru hori jaitsiz joan egin da, baina gaur egun, hirurogei lagun biltzen dira oraindik ere. Beteranoendako instrumentu protagonista danborra izan ohi da beti, hasiberriendako, berriz, kristalezko botila eta goilara txikia izaten zen. Danborrada egiteaz aparte, 1997an ohorezko txanoak banatzen hasi ziren, lehenengo txano hori danborradan parte hartu zuen lehen emakumeari eman zitzaion. Hala ere, gaur egun arte urtero banatu dituzte ohorezko txanoak herriko hainbat alorretan, kirolean edo lanbide desberdinetan, herriagatik lan egin duten pertsonei.

Entseguak
Urtero bezala, entseguak egin dituzte egun hauetan lakuntzarrek. Ilbeltzaren 11n egin zuten lehen entsegua eta aste osoan zehar kultur etxean bildu egin dira iluntzeko 20:30ak aldera. Entseguak egitera jatorrizko lekura itzuli dira duela urte gutxi, izan ere, danborradaren hastapenetan zinean egiten zituzten ere, eraikuntza zaharberritu gabe zegoenean. Ondoren, Lakuntzako Pertza Elkarteko hirugarren solairura joatea erabaki zuten, eta orain dela urte gutxi kultur etxera itzuli ziren, hala Lakuntzan deitzen zaion moduan, zinea zaharberritu zutenean berriz ere hara itzultzea erabaki zuten. Gustura daude azken leku horretan, halaxe kontatu dute Ricardo Aretak eta Joxe Floresek, danborradako antolatzaileek. Parte hartze handia izaten da entseguetan, pieza berriren bat urtero sartzen dute, eta entseguak ezinbestekoak dira plazako danborrada ezin hobeto ateratzeko. “Akustika aldetik ere leku aproposa da, espazio zabala dago eta askoz ere erosoagoa da lekua” adierazten du Floresek.

Pieza berria
Plazan jo behar dituzten piezak aurretik ederki ikasten dituzte, eta aurten ere buru belarri aritu dira. Urtero jotzen dituzten, San Saastin martxa, dianak, Tatiago, Biribilketa edota Iriyarena piezak entzuteko aukera izanen da. Haiekin batera, aurten pieza berri bat entzuteko aukera egonen da, Lantzeko zortzikoari lekua eginen diote.