San Saastin 2016

San Saastin Aldaba herriko azken aztarna

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko urt. 22a, 13:03

San Saastingo ermita aski ezaguna da lakuntzarren artean. Aralar mendizerraren magalean kokatzen da, herritik urrutien dagoen baseliza da, izan ere, herrian San Anton ermita ere badago hilerriaren ondoan. San Saastinen kokalekua kontuan izanda, bertatik ikus daitekeen paisaia ikusgarria da, atzean Aralar mendizerra eta, aurrez aurre, Berianen handitasuna ezin hobeto ikus daitezke. Sakanako bailaraz gozatzeko eta barru barrutik sentitzeko leku paregabea. Lakuntza herritik urruti xamar dago, eta horrek ere badu bere arrazoia, baina denboran atzera egin beharra dago hori argitzeko.

Kondairak dioenaren arabera, garai batean, San Saastin ermita Aldaba herriko eliza izan zen. Gaur egun ez dago herri hartako arrasto nabaririk, hau da, garai hartako etxerik ez dago, zutik geratzen den bakarra San Saastingo ermita izanen litzateke. Dokumentuetan aurkitutako datuen arabera XVI. mendekoa da baseliza, baina ondorengo mendeetan hainbat zaharberritze egin dituzte eraikinean. Hasiera batean ermitaren eraikuntza bakarrik zegoen, baina orain dela hamarkada batzuk estalpea eta beheko sua egin zuten. Horrela, ez da ospakizun erlijiosoetarako erabiltzen lekua bakarrik, lakuntzar ugari gerturatzen dira bertara merienda eta gosariak egitera.

Dena dela, kondairak esaten duenaren arabera Aladaba herriaren azken aztarna izanen litzateke San Saastin. Bertako biztanleak desagertu egin ziren, batzuek diote izurriteren baten ondorioz ia herri osoa hil zela, baina arrazoi desberdinak entzun izan dira. Aldaba herriko biztanleria guztia desagertu egin zen, emakume bat izan ezik, bera izan zen bizirik geratu zen bakarra. Egoera hartan, emakumeak laguntza eske joatea erabaki zuen eta Lakuntzan eman omen zioten babesa kondairak kontatzen duenaren arabera. Emakume hark Lakuntzari utzi zizkion oinordekotzan Aldabako lurrak, baita San Saastingo ermita ere. Herriak emandako babesa eskertu nahi izan zuen biziraun zuen andre horrek.

Kondairak kontatzen duena eta gero urte asko pasa dira, baina hala ere, baselizak herritarren topaleku izaten jarraitzen du. San Saastin, Lakuntzako patroia, ilbeltzaren 20an ospatu egiten da, eta egun handi horretan erromeria egiten dute Lakuntzarrek baselizara. Goizeko 11:00ak aldera, udalbatza Lakuntzako bandera eta ikurrina eskuan dituztela, apaiza eta trikitixen doinua jarraituz baselizara joaten dira. Eguerdian meza ospatzen da eta, ondoren, txistorra, txokolatea, piperropilak eta ardoa banatzen dira. Bertan musikaz gozatzeko aukera izaten dute gerturatzen diren herritarrek, eta bazkaltzeko orduan herrira itzultzen dira.

Prestaketa
San Saastin eguna baino lehenago prestaketa lanetan aritzen dira herriko hiruzpalau pertsona. Marisol Larrañagak urte asko daramatza Lakuntzako San Saastin ermita garbitzen, txukuntzen eta aurretik egin beharreko prestaketa lanetan laguntzen. Herriko hainbat lagun aste bat lehenago elkartzen dira eta ermitako lurra garbitzen hasten dira. Aldi berean, eserlekuak eta bankuak garbitzeko ere baliatzen dute. Bidean ateratzen diren belar txarrak kendu eta inguruko eremua txukuntzen ematen dute ilbeltzaren 20a baino lehenagoko astea. Gustura aritzen dira txukuntze lanetan, eta ilusioz eta alaitasunez bizitzen dute patroiaren eguna. Egunean bertan, hiru santu eramaten dituzte ermitara, San Saastin, Santa Juliana eta San Agustin, eta lore batzuekin ere apaintzen dute baseliza. Egunean bertan eramaten dituzte santuak, behin baino gehiagotan atea hautsi egin dutelako, eta arriskurik izan ez dadin beste leku aproposago batean gordetzen dituzte urtean zehar.

Ermitako egun handia San Saastin egunean ospatzen da, ilbeltzaren 20an, baina, horretaz aparte, agorrileko festak bukatu eta hurrengo igandean meza egiten da baselizan. Festak ongi pasatu izanagatik eskerrak ematen dizkiote patroiari bertara joaten diren lakuntzarrek. Egun horretan ere, ardoa eta gazta banatzen dute. Mendez mende baselizak esanahi berezia izan du lakuntzarrendako eta, aurten ere, topaleku berezia bihurtuko da.