“Herriaren bizitasuna kalean ikusi nahi dugu inauteritan”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko ots. 19a, 08:06

Ekhi Etxeberria eta Ander Zelaia, Bakaikuko Gazte Asanblada.

1.- Aurten hogei urte betetzen dira inauteriak berreskuratu zirenetik, ezta?
Esan digutenaren arabera, inauteriak kasualitatez berreskuratu ziren Bakaikun. Nafarroako inauterien inguruan idatzitako Carnavales de Navarra liburua irakurtzen ari zirela, Kamarroen pertsonaia aurkitu zuten Bakaikuri zegokion atalean. Hori jakinda, herriko jende helduari galdezka hasi ziren, pertsonaia gehiago ezagutu nahian. Bakaikuko Gazte Asanblada izan zen garai hartan ekimen hau aurrera ateratzeko asmoa hartu zuena. Lehenengo urte hartan maskara batzuk egin zituzten, lehenengo inauteri horiek ospatzeko. Maskara horietaz gain, jantziak eta pertsonaia bera, bakoitzak bere modura irudikatu zuen, etxean aurkitutako edozein arroparekin atera ziren kalera.

2.- Nortzuk egon ziren inauteriak berreskuratzen?
Bakaikuko Gazte Asanblada duela hemezortzi urte sortu zen, baina horren aurretik gazte talde bat bildu egin zen. Talde hori beste herrietako inauterien inguruan hausnartzen hasi zen, eta kasualitatez liburu hartan aurkitutako Kamarroen datu horrek aurrera egiteko ideia piztu zien. Inauteriak  berreskuratzeko nahi hori duela hogei urte hasi zen eta gaur egun ilusioz jarraitzen dugu.

3.- Nor dira Kamarroak?
Zakuak eta larruak dira batez ere erabiltzen diren materialak. Testu zaharrek eta herriko zaharrenek kontatu digutenaren arabera, bakoitzak bere etxetik ahal zuena hartzen zuen eta horrekin mozorratzen zen. Arropa zehatzik ez dugu erabiltzen, bakoitzak daukana erabiltzen du. Aurpegia estalita eramaten dugu, batzuk zapia jartzen dute, beste batzuek maskara erabiltzen dute, eta gutxi batzuek ere animaliren baten buruhezurra jartzen dute. Eta kamarro guztiek makila ala sardea eramaten dute.

4.- Nola ospatuko dituzue inauteriak larunbata honetan?
Goizean Kamarro txiki ospatuko dugu, eta umeak izanen dira protagonista. Eguerdi aldera otordu txiki bat eginen dugu haurrentzako eta beranduago herri bazkaria eginen dugu inauterietan parte hartzen duen denendako. Arratsaldeko seiak aldera plazara aterako gara Kamarroak kalejirarekin hasteko. Herrian leku desberdinak zeharkatuz etxez-etxe joaten gara kalejiran eta aurten modu berezian bukatu nahiko genuke.  Plazan su bat eginen dugu eta auzate bat egiteko asmoa ere badugu. Plazara gerturatu eta ondoren, herriko goiko aldera joanen gara etxez-etxe berriz ere.

5.- Aurten dena den, inauteriak atzeratu egin dituzue ezta?
Normalean inauteri garaian izaten dira, baina aurten Santa Agedarekin batera izan dira. Bakaikun Santa Ageda eguna ospatu egiten denez, egun berean egitea ezinezkoa zen. Beraz, horregatik atzeratzea erabaki genuen.

6.- Sakanako azkeneko inauteriak izanen zarete?
Bai, hala da, uste dut Olaztin ere asteburu honetan ospatzen dituztela, baina azkenekoak izanen  gara aurten, bai. Aurten horrela tokatu da data eta esan dugun moduan, Santa Ageda eguna aldatzerik ez dagoenez azkenekoak izanen gara Bakaikun.

7.- Jende askoren artean ospatzen dituzue inauteriak Bakaikun?
Lehenengo urteetan, gu txikiak ginenean jende asko ateratzen zen. Berreskuratzearen horrek ere suposatzen dugu garrantzia izanen zuela ilusio gehiagorekin ospatzeko. Azkeneko urte hauetan herriko gazteen jaia bilakatu dira inauteriak eta aurten horri buelta eman nahi izan diogu. Herriko inauteriak direnez, herriaren parte hartzea bultzatu nahi genuen.

8.- Modu berezian prestatu dituzue aurtengo inauteriak?
Bai, egia esan aurten jende desberdinarekin hitz egin dugu herri osoarendako prestatutako inauteriak izateko. Azken urte hauetan parte hartzen ez zuen jendearekin hitz egin dugu, denon festa bat izateko. Egitarau zabala egiten saiatu gara batez ere herritarren gehiagoarengana iristeko. Azken urte hauetan gazteon jaia  izan da soilik, eta ideia horrekin apurtu nahi dugu. Etorkizunean herri osoarendako egindako inauteriak nahi ditugu, eta hori lortzen saiatuko gara aurten. Herriaren bizitasuna kalean ikusi nahi dugu inauteritan.

9.- Herriaren parte hartzea bultzatzeko asanbladak egin dituzue?
Bi asanblada ireki egin genituen, herriko jende desberdina biltzeko asmoarekin. Ideia berriak nahi genituen, eta iritzi desberdinak entzutea beti interesgarria da egitarau eta eskaintza zabal bat egiteko. Bigarren asanbladak arrakasta handiagoa izan zuen, gurasoak gerturatu ziren, inauteriak berreskuratzen egon zen jendea ere, eta alde horretatik egia esan, oso aberasgarria izan zen guretako. Ideia berriak atera genituen eta horrek asko lagundu digu. Haurrekin ere hitz egin genuen, azken finean beraiek dira etorkizuneko belaunaldia.

10.- Landa Tresna berezirik ateratzen al duzue inauteritan?
Lehen esan dizudan moduan Kamarro guztiek makila ala sardea ateratzen dute. Horretaz gain, goldea ere ateratzen dugu. Gaur egun ez da hainbeste erabiltzen, baina duela hamarkada batzuk, goldea ateratzea ohikoagoa zen orain baino gehiago erabiltzen zelako. Guk ez dugu ohitura hori galdu nahi izan eta urtero goldea ateratzen dugu. Batzuetan ere gurdi bat ateratzen dugu.

11.- Erakusketa bat antolatu duzue gaur, ezta?
Hori da, urteurrena dela eta, aurten inauterien inguruko erakusketa bat antolatu nahi izan dugu. Ostiral honetan bertan eginen dugu. Kamarroen historia laburbiltzen duen bideo bat egin dugu, eta horretaz aparte argazki bilduma bat ere egin dugu. Hogei urte hauetako argazkiak prest dauzkagu eta aukera ona izanen da inauterien historia ezagutzeko.