Inprimaketa ingurugiroa errespetatuz

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko api. 8a, 10:49
Alberto Angiano eta Carlos Casado.

Inprimaketa eta ingurugiroa errespetatzearen erronkaren inguruan hitzaldi-eztabaida izan zuten Iortia kultur gunean atzo. Carlos Casado, Ricoh enpresako adituak eman zuen hitzaldia Altsasuko Txartel dendarekin batera.

Bateragarriak dira inprimaketa eta ingurumenarekiko errespetua? Erronka gainditua! Horrelaxe izendatu zuten atzoko hitzaldia. Gai horren inguruan hainbat mito izan dira eta gaur egun inprimaketa eta ingurumena errespetuz tratatzea posible dela egiaztatu nahi izan zuten atzo Altsasuko kultur etxean. Carlos Casado, Ricoh enpresako aditua izan zen hizlaria eta hainbat gai landu zituzten. Besteak beste, papera benetan jasangarria den euskarria, emozioak eraginkortasunez sortzen dituen euskarria, komunikatzearen kostu erreala, karbono-aztarnaren definizioa eta Txartel denda zure karbono-aztarna konpentsatzen duen egiaztagiria gaiak landu zituzten. Sakanan inprimatze berdearen filosofia zabaltzea da eztabaida horren helburu nagusia.

Alberto Angiano, Altsasuko Txartel dendako nagusia aitzindaria da ingurumena errespetatzen duten inprimatze-zerbitzuak garatzen. Txartel dendak, bertan ekoizten den material guztia ingurugiroarekin errespetuz egina dela egiaztatzen du. Ekoizpenaren karbono-aztarna konpentsatzen du, ingurumen eragina egiaztatzen du, erabiltzen den papera, papera ekoizteko erabili den ura eta banaketa lanetan erabiltzen den erregaia ere egiaztatzen da. Bi urte daramatza dagoeneko inprimaketa mota hori garatzen. Ricoh enpresaren bidez sartu zen zerbitzu horretan Txartel denda. Nafarroan, maila altuago batean, Volkswagen ala Nafarroako Unibertsitatea bezalako entitateek ere prozedura berdina jarraitzen dute.

Ingurumena errespetatzen duen inprimaketaz aparte, Alberto Angianok asmo berriak ere badauzka buruan. Elektrizitate berdea erabiltzeko aukera aztertzen ari da nahiz eta garestiagoa izan.

Karbono konpentsazio hori nola egiten da?
Txartel dendak Nazio Batuen Erakundeari (NBE) erositako bonu batzuen bidez egiten du. Munduko herrialde guztiek isurtzeko kupoak dauzkate, eta bonu horiek gutxien isurtzen duen herrialdeari erosten zaizkio. Diru hori, NBEn bidez, hainbat proiektu egiteko erabiltzen da, hala nola, parke eolikoak, ospitaleak. Bonu erosketa horrek karbono konpentsazioa egiaztatuko luke, baita erabiltzen diren prozedurak.