"Horrelako elkartasuna sortu duen pertsona bat ezin da ahaztu"

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko eka. 10a, 10:49

Olatz Irizar. Axioren lagunak ekimeneko kidea

1. Nor zen Axio?

Axiok ez du aurkezpen askorik behar Sakanan, baina pixka bat laburbilduko dut bere bizitza. Bi urte pasa dira Axiok utzi gintuenetik. Bera jaiotzez Arbizuarra zen, baina ezkondu eta Ziordian 26 urtez bizi izan zen. Oso ezaguna zen beti laguntzeko prest zegoen pertsona bat zelako, aizkoran ibiltzen zen, bazkariak egiteko ohitura handia zuen.

2 .Noiz pentsatu zenuten dokumentala egitearen ideia?

Ideia berez, Arbizutik etorri zitzaigun. Monika Etxeberriari bururatu zitzaion eta guri proposatu zigun. Axiok bere bizitzako azken lau urteetan ELA izeneko gaixotasuna sufritu zuen, oso gogorra dena eta behar asko dituena. Bera zen modukoa izanda, gaixo zegoela, Axioren lagunak ekimena sortu genuen eta honekin diru bilketa eta elkartasun jai erraldoi bat abian jarri genuen. Bi elkartasun egun egin genituen, batean Sakanako kultur eragileak eta zortziehun pertsona bildu zituen bazkaria antolatu genuen, eta beste alde batetik rock kontzertua egin genuen.

3. Noiz erabaki zenuten dokumentalarekin aurrera egitea?

Hil eta berehala zalantzak sartu zitzaizkigun, omenaldia egin, ez egin. Guri iruditu zitzaigun, eta batez ere familiari, zoritxar honen erdian Axiok elkartasun guzti hori bizi izan zuela. Iruditzen zitzaigun Sakanak erakutsi egin ziola zer sentitzen zuen eta zalantza ugari izan genituen hasieran. Hortik hilabete batzuetara Monika Etxeberria, guregana etorri zen Axioren lagunak ekimenera, familiarekin ere hitz egin genuen, eta ondorio bat atera genuen hortik.

4. Noiz bihurtu zen errealitate dokumentala?

Horrelako elkartasuna sortu duen pertsona bat ezin da ahaztu, bere familiak, eta ezagutzen genuenok ez dugu sekula ahaztuko baina belaunaldi berriek ez dute ezagutuko. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun Axiok emandako guztia laburbiltzen zuen euskarri bat opari bat izango litzatekeela. Gaur egun geroz eta jende gutxiago dago gauzak musutruk egiten dituena, eta ideia horri tiraka hau dena aurrera eramatea erabaki genuen.

5. Noiz hasi zineten dokumentala grabatzen?

Dokumentalaren ideia abendua aldera erabaki genuen. Grabaketa lanak beranduago hasi egin ziren, baiezkoa izan genuenean Enara Insaustik egituratu zuen dena. Guk nahi genuena baino pixka bat gehiago luzatu egin da grabaketa prozesua. Gure hasierako asmoa lehen urteurrenean bukatuta egotea izan zen, baina azkenean arrazoi desberdinak direla medio atzeratu egin dugu.

6. Non egin dituzue grabazio lanak?

Sakanako jende askorekin egin dira grabazioak, baina hemendik kanpora ere atera dira grabatzera. Axio Sakanaz aparte, oso ezaguna zen Euskal Herrian. Beste probintzietako jendea bildu behar izan dugu, horregatik grabaketa ez da batere motza izan.

7. Nola egin zenuten dokumentala abiatzeko diru bilketa?

Crowdfunding bidez egin genuen diru bilketa. Dokumentala, urte betean bukatuko genuela esan genion lagundu zuen jendeari, baina aipatu ditudan arrazoiengatik ezin izan dugu lehenago bukatu. Horretaz jabetuta, duela hilabete batzuk prentsan ohar bat atera genuen aurkezpena bigarren urtemugan eginen genuela jakinarazteko.

8. Nola egituratu duzue dokumentala?

Axio ezagutu genuen pertsonen testigantzen bidez egin dugu. Hunkigarria izan behar zela bagenekien, baina ez genuen tristurarekin lotu nahi. Bere bizitzaren bukaeratik hasi egiten gara, momenturik tristeena alegia, eta pixkanaka-pixkanaka bere gazte garaira, haur garaira iritsi gara. Bukaera alai bat eman nahi genion, azken finean bere bizitzaren kontakizun bat egin dugu. Elkarrizketak jende askorekin egin dituzte, Axioren familia, Axioaren lagunak ekimenekoak, Arbizuko bere koadrila, bere bizitzaren azkeneko urteetan sare handi bat zeukan inguruan eta beraiek ere parte hartzen dute, soldadu garaiko lagunak, aizkolari asko, Arbizuko jendea.

9. Nor izan da dokumentalaren gidoilaria?

Gidoia eta eta dokumentalaren egitura Ainara Insaustik egin du eta edizio lanetan Xabier Unanua aritu da. Dokumental guztia testigantzen bidez egin dugu eta komentatu dudan moduan, jende askorekin hitz egin dugu. Musikari dagokionez, Peio Reparazek egin du eta Axioren alaba, Irati Floresek parte hartu du. 40 minutu inguru irauten ditu, zer edo zer arina egin nahi genuen.

10. Estreinaldia gaur duzue ezta?

Bai gaur izanen da, Ziordiko frontoian. Kalean egiteko asmoa genuean, baina eguraldiak ez du lagundu. Garagarrila izanda, gauean izan behar du ikusi ahal izateko; beraz, 21:00etan merienda eginen dugu musikarekin lagunduta, eta horren ondoren dokumentala ikusteko aukera izanen dugu.

11. Aurrestreinaldia egin duzue dagoeneko?

Bai, lanean agertzen diren pertsonendako egin genuen, familia eta ingurukoekin. Beraiekin lehenago ikustea komenigarria zela iruditu zitzaigun. Batez ere familiak, bere intimitatean dokumentala ikustea garrantzitsua zela uste genuen.