Otsoportilloko omenaldia 2016

Otsoportillo, memoria topaleku

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2016ko ira. 7a, 18:46

Zortzi hamarkada pasa dira Espainiako Gerra Zibilak eztanda egin zuenetik. Hiru mila pertsonatik gora erail ziren Nafarroan, oraindik ere askok ez dakite non diren beren senitartekoak. Sarraski horretako memoria gogoratzen duten omenaldiak geroz eta gehiago dira, horietako bat Otsoportillo. Omenaldi hau ez da berria, Urbasako leze sakon horren inguruan 1980 urtean lehen aldiz bildu ziren senide eta ezagunak. Harez geroztik urtero Etxarriko Udala eta eraildakoen senideak aritu dira antolaketa lanetan. Aurtengo garagarrilean sei gorpu atera zituzten lezetik eta identifikazio lanetan dihardute.

Etxarri Gogoan lan taldeak eta Etxarri Aranazko Udalak antolatu dute aurtengo omenaldia. Baina beste bederatzi udalen laguntza izanen dute. Izan ere, etorkizuneko ekitaldiak hamarren artean elkarlanean eginen dira. Hori zehazteko udalak hitzarmena lantzen ari dira, baina dagoeneko igandeko ekitaldiaren aurkezpenean elkarrekin agertu ziren, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia, eta Ziordia herriak.

Omenaldia  
Gertutik ikusita aho txikia dauka Otsoportilloko lezeak, baina sakona omen da. Duela 80 urte bertan isilarazi zituztenen ondorengoen musika eta hitzak ozen entzun ziren igandean. Ehundaka pertsona bildu ziren bertan, hiritarrak, herritarrak, senideak, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria, Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Unai Hualde presidente-ordea, eta David Anaut EH Bilduko parlamentaria, baita udaletakoak ere. Omenaldiaren hasieran Eneka Maizek, Etxarri Aranazko alkateak hartu zuen hitza. Omenaldi horren garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, aurten Nafarroako Gobernuaren enkarguz Aranzadi Zientzia elkarteak gorpuen exhumazioa egin du.  Memoriaren inguruan egin behar den lanaz ohartarazi behar dugula adierazi zuen, eta elkarlanean aurrera pausoak emateko betebeharraz mintzatu zen. Maizen ustez 80 urte hauetan oso gutxi egin da memoriaren alde, eta poliki-poliki egia, justizia eta erreparazioan urratsak eman behar dira.

Sahats Karasatorreren bertsoen eskutik jarraitu zuen omenaldiak. Berri Txarraken Maravillas abestiak dioen bezala, Norbaitek oroituko ditu etorkizunean, ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak, abesti berriren batean, zuhaitz zaharren azaletan. Abesti horren hitzak errealitate bihurtu ziren, Lur Larraza eta Luisillo Kintana etxarriarren bidez. Jarraian Castillo Suarezek omenaldirako eginiko Memoria olerkia irakurri zuen eta hori guztia gertatzen zen bitartean Iker Uribe lakuntzarrak horma irudi bat marraztu zuen.

Musikari tartea eskaini zioten berriz eta modu oso berezian, izan ere, Otsoportillon erail zituztenen senideek musika emanaldia eman zuten. Duela hilabete batzuk topo egin zuten hainbat senidek Otsoportilloko lezean beren familiakoen arrastoen bila. Horietako bi, Amaia Razkin Etxarri Aranazko biolin jolea eta Imanol Ubeda, Bide Ertzean taldeko kidea izan ziren. Igandean, moldatutako bi abestiren bidez haien senideak oroitu nahi izan zituzten. Etorkizuna dantza taldeak ondoren aurreskua dantzatu zuen eta lore eskaintza egin zuten Jose Ramon Andak egindako monolitoan. Honen ondotik auzate bat izan zen Urbasako leku sinboliko horretan. Bukatzeko, El Drogas y la (des)memoria Band taldea izan zen omenaldian parte hartzen.