guaixe.eus

Ikasturte berria… Eskolara berriro…

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura

kolaboratzaileak

Egun haietako batean, ongi jantzitako gizon baten gorpua agertu zen errepidean Altsasutik kilometro batera eta ezin izan zitzaion identifikatu agiririk ez zuelako eta burua guztiz mailatuta zuelako kamioi bat edo autobus bat gainetik pasatu izan balitzaio bezala. Epaile jaunak berak ere halaxe berretsi zidan: daturik ez zegoela, ezinezkoa zela gorpu hura norena zen esatea… Artxibatutako auzia! Nik, halere, distir berezi bat nabaritu nion begietan, zerbait izkutatuko balit bezala.

Halabeharrak nahi izan zuen herria okupatu zutenen artean bat nire anai-arreben ezaguna izatea eta gau hartan gure etxetik afaltzera agertzea. Niri, agian, egun hartan dena susmagarri iruditzen zitzaidan, epaileak zerbait ezkutatzen zidala, afaltzera etorritako gazteak zerbait bazerabilela buruan. Egun hartan, agian, kontzientzia torturatuak eta kezkatuak ikusten nituen leku guztietan.

Afaldu ondoren, gazteak nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan, eta bakarrik gelditu ginenean barrengo har txar bat aitortzan ito nahi zuela esan zidan, egun osoan bere gogoa estutu nahian zebilkiola eta burutik ezin zuela kendu. Lasaitzeko esan nion, aulkian jartzera gonbidatu eta… Tori zigarro bat!

Gu izan ginen…! Bart hil genuen…! Nik…! Nik neronek hil nuen! Gaueko hamaika t’erdiak izanen ziren bere bila joan ginenean, ziegatik atera eta kotxe batean eraman genuen. “Hil behar nauzue?” galdetu zigun, eta nik, baietz. “Zuek onak omen zareten horiek ez didazue ezta apaiz batekin konfesatzeko aukerarik eman…? Utziko nauzue gutxienez errezatzen une batez?”

Bide bazterrean belaunikatu zen, iluntasunaren erdian, burua beheratu zuen eta errezatzen hasi zen bere baitarako. Handik gutxira esan zigun: “Nahi duzuenean…”

Hil eta gero, agindu ziguten bezala, kamioia bizpahiru aldiz pasa genion buru gainetik, guztiz desitxuratu arte. Dokumentazioa kendu nion eta bertan esaten zenez, Olaztiko maisu bat zen, Madrilgo oposaketetan lehenengo plaza atera berria eta hori ospatzera herrira etorria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak