Felix Rey: Ez dakigu zein anitza den gure landaredia

Erabiltzailearen aurpegia
Felix Rey: Ez dakigu zein anitza den gure landaredia

1. Loreak eta landareak ezagutzeko ibilaldia antolatu duzue Irurtzunen. Zu izan zara gidari. Zer ezagutzeko aukera izan duzue?
Udaberrian ohikoa da jendea paseoak ematera irtetea. Askotan, erritmo arina eraman ohi dugu eta ez diogu gure inguruari erreparatu ere egiten. Eta ez gara konturatzen zer ari garen galtzen. Sakanako landaredia oso anitza da. Txoko bakoitzak berea du, bakarra eta ezberdina. Horregatik, gure kolkotik begirada zabaltzen hasi behar dugu.

2. Interes handia piztu al du ibilaldiak?
Ibilbideari eta azalpenei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, onena da taldeak oso handiak ez izatea, jende multzo handia ez biltzea alegia. Hortaz, hamarreko taldea elkartu gara oraingo honetan. Lehenengo aldia da Irurtzun inguruan martxa hau antolatzen dugula eta jendea oso gustura izan da. Lore aniztasuna zenbaterainokoa den konturatu eta identifikatzeko gai izan dira. Gainera, nik gidaritza hartzen badut ere, helburua nik dakidana eurei kontatzea bada ere, herritarrek ere asko dakite zenbait loreen inguruan eta hortaz, jakinduria guztion partetik jartzen dugu.

3. Noiztik duzu botanika zaletasuna?
Duela hogeita hamar urte anaiak landare bat oparitu zidan. Ni begira-begira gelditu nintzaion eta pentsatu nuen, ia zertarako ote zen lore hura. Galderak egiten hasi nintzaion nire buruari eta erantzun bila abiatu nintzen. Hortik tiraka, gero eta landare gehiagoren berri izaten hasi nintzen. Eta anekdota huts batetik sortutakoa, orain, aberastasun zabala bilakatzera pasatu da.

4. Zer nolako landare eta loreak ditugu Sakanan?
Aralar inguruko izkinak aztertuak ditut nik batez ere. Eta hitz batean deskribatzeko eskatuko bazenit, esanen nizuke, aniztasuna dela hemen dugunaren ezaugarri nagusia. Toki batetik bestera alde handia dago; leku batzuetan kolore guztietako loreak topa ditzakegu, eta hezetasuna nagusi den tokian, kolore berdea nagusitzen da.

5. Iruñean, Arrotxapea auzoaren landareak aztertu ondoren, liburu batean bildu dituzu.
Guztira hamasei ibilbide bildu ditut liburu horretan. Zuhaitz landatuak identifikatu ditut batez ere liburuan, baina landareak zein loreak ere bildu ditut. Jendeak oinez ibili nahi badu, eta bien bitartean ingurumenaz gehiago jakin nahi badu liburua lagungarri zaio, bidean ikusten dituen landareak identifikatu ahal izateko. Horrek paseoa are aberatsago eginen du.

6. Sakanako landareekin gauza berbera egiteko asmorik bai?
Liburua osatu baino, orain Internetek ematen duen aukeraz baliatu naiz. Webgunean daude ikusgai zenbait lore eta landare eta informazioa ere badago. Atakondoa eskolako webgunearen bitartez erraz bila daitezke. 500 landaretik gora daude identifikatuak.

7. Ibilaldi gehiago egiteko asmorik ba al duzu?
Lehenengoarekin oso kontent gelditu naiz. Bertan elkartutako herritarrek galdera asko zituzten egiteko eta interes handia erakutsi dute. Gehiago antolatu daitezkeela uste dut. Gainera, oso aproposa da udaberriarekin batera egin izana lehena, orain baitaude landare eta loreak euren egoerarik emankorrenean. Dena dela, urtaro bakoitzak badu zerbait berezia eta batean edo bestean egin, ikasteko eta dakigun horretan sakontzeko aukera emanen luke edozein sasoik.

8. Landareez gehiago jakiteak, eurengandik probetxu handiagoa ateratzea ekar dezake?
Landareek ematen ahal dutena asko da bai. Ni gehiago zentratua nago bakoitza zer den eta nor den identifikatzen. Baina, egia da ibilaldi hauen bidez, batzuen eta besteen esperientziarekin jakiten ahal dela nola eta zertarako erabil daitezkeen landare batzuk eta besteak. Sendabelar gisara asko erabiltzen dira loreak, zauriak estaltzeko adibidez edo giltzurruneko mina baretzeko. Sukaldean ere erabiltzeko maiz biltzen dituzte loreak.

9. Egindako ibilbidean, zein landare da nagusi?
Mota askotako loreak daude edonon. Irurtzundik irten gara eta Bi Ahizpen mendien magalean egin dugu martxa. Parte hartu duten bizilagunak harrituta gelditu dira adibidez, jakitean, lau motatako geranio basatiak daudela, eta guztiak ikusi ditugula metro gutxian. Mota askotako loreak daude, eta zer esanik ez arbolak ere aztertzen hasten bagara.

10. Irakasle zara Irurtzungo eskolan. Haurrekin partekatzen duzu landareez dakizun guztia?
Zaila da egunerokotasunean landareez mintzatzea. Historia eta geografia irakasgaiak ematen ditut nik, eta landareez gehiegi azaltzeko aukerarik ez dugun arren, landareekin dudan gehiago jakiteko nahia igortzen diet. Hau da, jolas bat bailitzan ikasten ditut nik loreak identifikatzen: hasteko, lorea edo landarea hartu, begiratu eta informazioa eskuratzen dut eskuartean dudan lorea zein den jakiteko. Hori, gainerako ikasgaietara eraman daiteke eta ezein arlo interesgarri bilakatu.

11. Landarediaz ezer gutxi dakienarentzat aproposa da ibilaldia, edo gaian oinarriren bat izatea ezinbestekoa da?
Jende asko da landareez eta loreez ezer gutxi dakiena eta ibilaldi hauen bitartez ezagutzeko aukera baino ez diegu eskaintzen. Ez da behar oinarririk izatea. Jakin-mina eta interesarekin etorri behar da halakoetara eta dakiguna elkarri kontatzean ez dakiten oinarrizkoen hori ikasteko aukera eskaintzen dugu. Eta oinarrizko hori jakinda, dauden zalantzak argitzen saiatzen gara.